AKTUALITATEA


| 2025-02-05 13:03:00

Urtarrileko etenaldia pasata, Legebiltzarrak 2025eko lehenengo osoko bilkura egingo du bihar, eta EH Bilduk Osakidetzan Lehen Arreta indartzeko proposamen bat ipiniko du mahai gainean, “horrek, Lehen Arretarenak, legealdiko debate nagusietako bat izan behar duelako”, Rebeka Uberak adierazi duenez. “Bihar urrats bat egingo dugu norabide horretan, Lehen Arretan egiturazko aldaketak behar direlako, osasun sistema publikoan benetako eraldaketa gertatuko bada”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Lehen Arretako ekipoetan psikologoak eta gizarte-langileak txertatzea proposatuko du zehazki, “horrek herritarren osasun mentala eta ongizate emozionala sustatzea eta zaintzea” ahalbidetuko duelakoan. “Gaur –azaldu du Uberak– ohikoa da horren beharrik ez duten pazienteak, gaixotasun mentalik ez dutenak, Lehen Arretatik Osasun Mentalera bidaltzea; guk planteatzen dugun ereduarekin, ordea, Lehen Arretatik komunitatean, osasun determinanteetatik, lan egingo litzateke. Nafarroan jada egiten ari dira, EH Bilduren ekimenez hain justu, eta Osasun Mentalerako deribazioak %40 jaistea lortu dute. Eta adibide gehiago daude Estatuan zein nazioartean. Psikologoak eta gizarte-langileak normaltasun osoz aritzen dira komunitatearekin, osasuna sustatzeko edukiak eta konpetentziak landuz taldeetan”.

“Gure proposamenak, finean, osasuna sustatzea du helburu, norbanakoena zein komunitatearena. Uste dugu Lehen Arretak bete behar duela funtzio hori, modu komunitarioan, gainerako zerbitzuekin batera, elkarlanean”. Helburu horrekin, Lehen Arretan “toki batzuetan, Pasaian, esaterako, ondo funtzionatzen ari diren orientazio zerbitzuak inplementatu eta orokortu beharra” ere defendatuko du Uberak bihar, Lehen Arreta ez delako gaixotasunak diagnostikatu eta artatzera mugatu behar; osasunaren sustapenak eta prebentzioak ere erabateko garrantzia izan behar dute bere jardunean, ikuspegi komunitario batetik gainerako erakundeen, udal zerbitzuen eta kolektiboen laguntzarekin, komunitatean osasun determinanteetatik lan eginez eta osasun politikak gainerako politiketan txertatuz”.