AKTUALITATEA


| 2022-05-19 11:17:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio Osasun Mentaleko Estrategia berria ahalik eta lasterren diseinatu dezala eta estrategia horretan lehentasunezkotzat jo ditzala osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek jasaten duten estigmaren aurkako borroka, haur eta gazteen egoera espezifikoa eta suizidioaren prebentzioa.

Osasun Mentalaren arloan “salto kualitatibo bat ematea tokatzen zaigu”, azpimarratu du Maria Gardek, bai eta estrategia berria genero ikuspegi batetik eraikitzeak berebiziko garrantzia duela ere, “perspektiba horrek politika publiko guztietan txertatuta egon beharko lukeelako oinarrian eta, bereziki, Emakunderen azken txostenak agerian utzi duelako emakumeok Osakidetzako artatzeetan sufritzen dugun bazterkeria”. Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak erantsi du “Osasunaren Mundu Erakundeak ere dioela emakume izatea arrisku faktore bat dela osasun mentaleko arazoak izateko orduan”. Halaber, “zeharkakotasunez” lan egitearen garrantziaz hitz egin du, “osasun mentalaren sustapena eta zaintza eremu guztietan jorratu behar dugulako, hala nola hezkuntzan, lan merkatuan, gizarte zerbitzuetan eta eremu soziosanitarioan”.

Gardek osasun mentalaren tratamenduan dauden beharrak, handiak, ipini ditu mahai gainean, eta errealitate gordin horrek neurriak premiaz hartzea eskatzen duela ohartarazi du. Izan ere, “haur, nerabe eta gazteen osasun mentalak okerrera egin du pandemiaz geroztik, suizidioa gazteen heriotza-eragile nagusia izateraino; elikadura-jokabidearen nahasmenduak biderkatu dira, batez ere neska gazteen artean; agerian geratu da emakumeok Osakidetzan osasun mentaleko artatzeetan pairatzen dugun bereizkeria; profesional eta baliabide eskasia dago eta, ondorioz, Osakidetzan kasu larrienak bakarrik artatzen dira, askotan behar duten jarraikortasun eta intentsitaterik gabe, eta beste asko eremu pribatura desbideratzen dira, sistema publikoak guztietara heltzeko gaitasunik ez duelako; eta gainera estigma, tabu eta aurreiritzi handiak daude oraindik gai inguruan, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak baztertzen eta isolatzen dituztenak”.