AKTUALITATEA


| 2022-10-20 13:50:00

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonekin eta haien familiekin lan egiten duten eragileekin lankidetzan, pertsona horientzako jarduera-protokolo bat abian jar dezala Osakidetzan, haien behar espezifikoei erantzuteko, pertsona horiek ezgaitasuna duen beste edozein kolektibo bezala artatu ahal izateko. Maria Gardek protokolo horren garrantzia azpimarratu du. “Autismoa duten pertsonentzat kontsulta batera joatea ere sekulako esfortzua da; haientzat itxaron gelan egotea bera ere arazo handia izan daiteke, zaratak, argiak, jendetzak… antsietatea sor diezaieketelako. Zaila da hori guztia kudeatzea eta, hortaz, behar-beharrezkoa da protokolo bat edukitzea egoera horiek errazteko”.

Halaber, EH Bilduk sustatutako akordioaren arabera, Gobernuak azterketa bat egingo du autismoa duten herritarren eta euren familien errealitateari buruz. Gardek azaldu duenez, garrantzitsua da aztertzea zer nolako erantzuna ematen dien sistema publikoak pertsona horiei, baliabide falta nabarmena delako, nahiz eta, kuantitatiboki, autismoaren errealitatea benetan kontuan hartzekoa den. Izan ere, “Osasun Mundu Erakundeak dioenez, 160 umetatik batek autismoaren espektroko nahasteren bat du; hau da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian 15.000 kasu inguru lirateke eta, zeharka, 60.000 pertsonari eragingo liekete”.

Gainera, adostutakoaren arabera, Jaurlaritzak autismoaren inguruko formakuntza espezifikoa sustatuko du kolektibo horrekin lan egiten duten profesional guztientzat, bai Osakidetzan, bai gizarte zerbitzuetan, bai enpleguan, bai hezkuntzan. “Begirada transbertsal hori funtsezkoa da”, esan du Gardek.

Azkenik, Legebiltzarrak Lakuari eskatu dio politika publikoak bultza ditzala autismoa duten pertsonen erabateko inklusio soziala bermatzeko, hezkuntza sisteman bereziki, etapa guztietan beharrezkoak diren laguntzak eta baliabideak eskuratu ditzaten. Alde horretatik, tresna digitalen erabilera bultzatzeko eskatu dio, “hala nola Komunikazio Sistema Handigarri eta Alternatiboak, komunikatzeko zailtasunak dituzten ikasleen komunikazioa ahalbidetzeko, ikasle bakoitzari egokitutako prozesuen bitartez, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioan, gailuetarako sarbidea eta horien erabilera bermatzeko”.