AKTUALITATEA


| 2023-10-05 16:46:00

EH Bilduk sustatutako akordio parlamentarioari jarraituz, Legebiltzarrak Lehiaren Euskal Agintaritzak lan merkatuari buruz egindako gida arbuiatu du, “negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideetan esku-sartzea delako”. Hori dela eta, gida erretiratzeko eskatu dio Agintaritzari, eta berau kontuan ez hartzeko Jaurlaritzari. Horren haritik, Parlamentuak “askatasun sindikalaren eta negoziazio kolektiboko euskal esparruaren defentsa” berretsi du, eta Gobernuari galdegin dio “elkarrizketa soziala eta negoziazio kolektiboa defendatzen eta sustatzen jarrai dezala, euskal langileen lan-baldintzak hobetzeko eta Euskadin kalitatezko enplegua lortzeko oinarrizko tresna gisa, bai eta euskal lan-harremanen aurrerapen sozial, ekonomiko eta demokratikorako oinarrizko tresna gisa ere”.

Pazis Garcia EH Bilduko legebiltzarkideak “enpresen lehia askearen izenean iragan mendeetako lan-harremanen eredu bat proposatzea” leporatu dio Lehiaren Euskal Agintaritzari. Bere ustez, Legebiltzarrak arbuiatu duen gida “esku-sartze onartezina da negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubidean; PPren 2012ko lan-erreformaren oinarri bera duen gida ultraliberal bat da, alde bakar batek, enpresak, alegia, hartutako erabakietan oinarritutako lan-harremanen eredu bat ezarri nahi duena; ikuspegi horren arabera, negoziazio kolektiboa oztopo da enpresaren interesentzat eta, ondorioz, mugatu egin behar da”.

Azken finean, Garciak salatu duenez, gida horren bitartez Lehiaren Agintaritzak defendatzen du “enpresak lan eskubideak murriztuz lehiatu daitezela, baina enpresa-eredu horrek pobrezia baino ez du sortzen, eta, beraz, ez du etorkizunik”. Izan ere, dokumentu horretan Agintaritza hitzarmen kolektibo sektorialak, soldata-akordioak eta aparteko orduak eta azpikontratazioa mugatzeko akordioak saihestearen alde agertzen da, eta, horrez gain, Administrazio Publikoaren lizitazioetan klausula sozialak txertatzeko aukerari buruzko interpretazio murriztailea egiten du.