AKTUALITATEA


| 2021-10-14 15:02:00

Jasone Agirrek aurkeztutako mozio bati jarraituz, EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin dute Gobernu espainolari eskatzeko Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege-proiektua aldatu dezala gutxiengo nazional eta linguistikoen babesa eta kultura zein hizkuntza dibertsitatea bermatzeko. Zehazki, Legebiltzarrak onartutako mozioak Madrili eskatzen dio tramitazioan dagoen Ikus-entzunezkoen Legeak euskarazko edukien ehuneko zehatz bat (katalanez eta galegoz ere) berma dezala ekoizpenetan egiten diren inbertsioetan.

Agirre pozik agertu da akordioarekin, PSOE-Podemos Gobernuaren lege-proiektua zuzentzea ezinbestekoa delakoan hizkuntza aniztasuna bermatzeko, euskaldunen eskubideak babesteko eta gure ikus-entzunezko industria bera ere ez galtzeko. Izan ere, lege-proiektua “zentralista, kontserbadorea eta merkantilista” da eta “ikus-entzunezkoen merkatuaren interesa” lehenetsi egiten du, funtzio soziala baino. Hala, “kultura eta hizkuntza aniztasuna arriskuan jartzen du, aniztasun hori aipatu arren, ez duelako kultura edo hizkuntza-betebeharrik zehazten; hain zuzen ere, ez du ehuneko zehatzik aurreikusten gaztelania ez den beste hizkuntzetarako eta ez du tarterik uzten, esaterako, autonomia erkidegoek Netflix bezalako plataformetan esku har dezaten”.

EH Bilduko legebiltzarkideak behar-beharrezkotzat jo du lege berriak elementu horiek kontuan hartzea. Zentzu horretan adierazi duenez, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko formulak guztiz aldatu dira eta sektorea bera paradigma aldaketa batean murgildurik dago, “eta horrek lege berriak egoera berri horretara egokitzea eskatzen du, babestuko gaituzten neurriak ezartzeko eta egiturak moldatzeko”.

Halaber, ikus-entzunezkoen eremuan egun dituen eskumenak erabiltzeko eskatu dio berriz ere Jaurlaritzari eta, horren ildotik, Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzearen premia azpimarratu du, Katalunian aspaldi egin zuten bezala.