AKTUALITATEA


| 2022-11-24 11:27:00

EH Bilduk Glovoren jarduera arbuiatzeko akordioa sustatu du gaur Legebiltzarrean, enpresa horrek muzin egiten baitie “langileekiko duen erantzukizunari, eskubideak bermatzeari eta lan-legeria eta ebazpen judizialak betetzeari”. EH Bilduk EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin adostu duenez, Legebiltzarrak adierazi du Glovoren “jarrera hori ez dela onargarria eta horrelako jardueren aurrean administrazioek eta erakundeek jarrera proaktiboa izan behar dutela, lan-araudiari egiten zaion iruzurraren aurrean eta lan-legeria saihesteko ‘delivery’ sektoreko enpresa-estrategien aurrean irmo aritzeko”.

Eraitz Saez de Egilazek salatu duenez, “Rider Legeak ez ditu banatzaile lanak egiten dituzten langileen eskubideak bermatu, ez du lortu enpresa handi batzuek langile hauen eskubideak bermatzea”. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du “epai irmoak daudela Glovok ez duelako legea betetzen”, eta ohartarazi du, beraz, “egoera larria dela, enpresa hau sistematikoki ari baita legea saihesten, eta berarentzat lan egiten duten langileen eskubideak oso prekarioak izaten jarraitzen dutela”.

Saez de Egilazek gaurko akordioaren edukiaren garrantzia azpimarratu du, Glovoren jarduera salatzetik harago doalako. Hala, Legebiltzarrak Lan Ikuskaritza indartzeko eskatu die Lakua eta Madrilgo gobernuei, Rider Legea betearazteko eta ‘delivery’ sektorean aritzen diren langileen kontratu egoera behar bezala erregularizatzeko, autonomo faltsuen figura saihestuz. Norabide horretan, langileak autonomo faltsuak zirela detektatu diren kasuetan, langile horiei Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotak itzultzeko mekanismoak erraztea eskatu du.

Azkenik, akordioak Jaurlaritzari dei egiten dio plataforma digitalen eremuan, lan eskubideak bermatuz, kooperatiba proiektuak eta gizarte ekonomiako beste erakunde mota batzuk bultza ditzala.