AKTUALITATEA


| 2019-06-13 17:17:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak aho batez eskatu dio EITBko zuzendaritzari informazio zehatza eman diezaiola haren albistegien independentzia eta pluraltasuna bermatzeko eta erredaktoreen karrera profesionala sustatzeko eman dituen urratsei buruz. Legebiltzarrak helburu horiek lortzeko proposamen zehatza egiteko eskatu zion duela urtebete, 2018ko maiatzaren 31n, EITBko zuzendariari, gaur egun ildo editoriala erabakitzen duten karguak izendatzeko erabiltzen duen sistemak, konfiantza pertsonalaren araberakoak, ez independentzia ez aniztasuna bermatzen ez dituelakoan. EAJ eta PSE horren kontra agertu ziren orduan; gaur, aldiz, independentzia eta pluraltasuna ziurtatu beharra onartu dute eta, inplizituki, aitortu dute gaur EITBk ez duela ez bata ez bestea bermatzen.

EITBko zuzendaritzari Legebiltzarrak duela urtebete emaniko agindua ez betetzea leporatu ostean, Jasone Agirrek gogorarazi du gaur EITBn “ardura guztiak atzamarrez banatzen” direla, konfiantza pertsonalaren arabera, eta hori bateraezina dela albistegien independentziarekin. Horretarako, azpimarratu du, ezinbestekoa da bertako erredaktoreen karrera profesionala sustatzea, “albistegien egunerokoa erabakitzen dutenak irizpide profesionalen arabera soilik hautatzeko, gardentasunez eta aukera berdintasunez”. Izan ere, “gardentasuna eta aukera berdintasuna komunikabide publiko baten independentziaren bermea dira” eta, beraz, karrera profesionala sustatzea da “EITBk hartu beharreko lehen neurria, kalitatezko komunikabide publikoa izan gura badu, eta ez Jaurlaritzaren  komunikabidea; bertako profesionalak libre izan behar dira, independenteak, eta euren karrera profesionala ezin liteke zuzendaritzaren konfiantzaren menpekoa izan”.