EH Bilduren mozio bati jarraituz, Legebiltzarrak euskararen normalizazio prozesua Espainiako botere judizialaren aldetik hainbat epairen bitartez pairatzen ari den erasoak salatu ditu, eta bat egin du etzi Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, oldarraldi judizial hori salatzeko egingo den manifestazioarekin. Halaber, bat egin du Kontseiluak iragan maiatzaren 10ean manifestazioa deitzeko argitaratu zuen adierazpenarekin eta, horren haritik, irmoki salatu ditu “azkenaldian modu nabarmenean ikusten ari garen euskararen biziberritzearen aurkakoak ezezik, adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badiren hainbat sententzia”.
Jasone Agirrek “Espainiako botere judiziala etengabeko euskararen aurkako oldarraldian” ari dela ohartarazi du, eta gogora ekarri ditu “euskararen normalizazioa eta biziberritzearen aurkako 15 sententziak”. Bere iritziz, epai horiek “ez dira kasu isolatuak, ondo antolatutako ekinaldi bat baizik, indar ultraeskuindarrek eta atzerakoiek bultzatuta. Momentu honetan, epaileak ari dira hizkuntza politika egiten, ‘de facto’. Hori da geure ‘lawfare’ partikularra; herri honetan ezer ez direnek, eta sekula ere ezer izango ez direnek, hauteskundeetan inondik inora lortu ezin dutena auzitegien bidez lortu nahi dute”.
Horri jarraiki, EH Bilduko legebiltzarkideak erantsi du horren guztiaren oinarrian autogobernuaren ahulezia eta burujabetza falta daudela. “Sententzia hauek erakusten dute gizarte honen gehiengo zabal batek demokratikoki erabakitakoa bertan behera utzi dezakeela epaile batek, eta horrek erakusten du ze ahulak garen. Hau ez da higadura isila, hau askoz ere larriagoa da, geure hezurdura bera apurtu egin dutelako sententziaka. Guk geuk erabaki dezakegu hemen modu demokratikoan eta adostasun zabal-zabalarekin zeintzuk diren joko-arauak, baina gero Espainiako sistema judizialeko epaile batek interpretatuko ditu, bere sentsibilitatetik, bere ideologiatik, eta hor beti, edo ia beti, aterako gara galtzaile”.
Hori horrela, Agirrek, “indarrak batzeko momentua” dela azpimarratuz, gaurko akordioaren balioa goraipatu du, “euskararen aurkako oldarraldi honi denok elkarrekin, adostasunetik, egin behar diogulako aurre. Batasunetik, indarrak batuta, antolatuta, egingo diogu aurre oldarraldi honi, euskarafobiari, baita faxismoari ere, herritarrekin batera, herritarrena baita indarra eta bultzada”.