EH Bilduren mozio bati jarraituz, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio bere programetako doktore diren eta ez diren ikertzaileek jaso beharreko gutxieneko ordainsariak igo eta hobetu ditzala, irakasleen soldata-kategoriak erreferentziatzat hartuta. Koalizioak sustatutako akordioaren arabera, Gobernuak “programa horiek 2021-22 ikasturtean izango duten ordainsaria aztertuko du, eta 2022-23 ikasturterako hobekuntza gehigarriak proposatuko ditu, baliabideen eskuragarritasunarekin bat etorriz”. Halaber, Legebiltzarrak EHUri eskatu dio doktorego-titulua lortzeko prozesu osoari lotutako tasak berrikusi, sinplifikatu eta murriztu ditzala, Hezkuntza Sailarekin elkarlanean. Azkenik, Hezkuntza Sailari galdegin dio I+G+b politika indartzen jarrai dezala, EAEk arlo horretan egiten duen inbertsioa BPGren %3ra igotzeraino, Europako Batzordeak gomendatu bezala.
Eraitz Saez de Egilazen iritziz, gaurkoa urrats bat da, norabide egokian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikerketa mundua prekarietatetik ateratzeko. Izan ere, “1.000 eurora iristen ez diren doktoregaiei edota euren soldatetan murrizketa gogorrak sufritzen dituzten doktore diren ikerlariei erantzun bat eman behar zaie; lan baldintza duinak bermatu eta soldatak igo behar zaizkie, urteak daramatzatelako prekarietatean bizitzen. Ezinbestekoa da Jaurlaritzak konpromezua bere gain hartzea, esatea ikerketa eremu segurua izango dela, baldintza egokiak bermatuko direla eta ikerketa eta prekarietatea ez direla berriz elkar lotuko”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Jaurlaritzak doktore ez diren ikertzaileen soldatak murriztu zituen 2013an, eta ordutik murrizketa mantendu izan du”. Murrizketaren zati bat bertan behera utzi zuen 2019an, Gobernu espainolak behartuta, eta 2020ko aurrekontuetan ordainsariak igotzeko konpromisoa hartu zuen, baina gaur da eguna ez duela hori bete. Gaurko akordioak, beraz, ikertzaileak pairatzen ari diren egoera bidegabea konpontze bidean jartzeko balio behar du, “ezin baitaiteke ikerketa mundua goraipatu, ondoren prekarietatea bultzatuko duten programa, beka zein estrategiak garatuko badira”.