AKTUALITATEA


| 2021-06-10 14:36:00

EH Bilduk mugikortasun eredu berri bat ezartzeko akordio bat sustatu du gaur Legebiltzarrean “alternatiba publiko, arin eta partekatuan oinarritutako garraio eredu bat bultzatuko duten politikak” garatze aldera, betiere energia berriztagarrietan oinarritutako mugikortasun elektrikoaren aldeko apustu eginez.

Iker Casanovak ekarri du debatea Parlamentura eta erdibideko zuzenketa bat sinatu du EAJ eta PSErekin Jaurlaritzari eskatzeko Mugikortasun Iraunkorraren Legean eta PIME plan berrian xedetzat har dezala turismo eta furgoneta elektrikoen salmentak igotzea, 2030. urterako Europar Batasunak arlo horretan markatutako helburuak betetzeko.

Koalizioak sustatutako akordioaren arabera, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio auto elektrikoen salmenta bultzatzeko eta karga publikoko sarea hedatzeko ibilbide-orri bat landu dezala eta, horretarako, ibilgailu mota horiek erosteko eta karga-puntuak instalatzeko laguntzak handitu ditzala. Halaber, udalerri mailako car-sharing enpresen estrategia partekatua abian jartzeko, beste ibilgailu elektriko batzuen erabilera (bizikletak, motozikletak, patinak…) bultzatzeko eta hiri eta azpiegituretan dagoen eredu automobil-zentrikoa gainditzeko”.