EH Bilduk Jaurlaritzaren 2024rako aurrekontu proiektua hobetzeko bere proposamena helarazi dio gaur Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuari, pasa den osteguneko bileran hartutako konpromisoa betez. “Gure proposamenak –azaldu du Nerea Kortajarenak– aurrekontuetan txertatu beharreko funtsezko elementuak biltzen ditu”. Guztira, 359,4 milioi euroko aldaketak proposatzen ditu, aurrekontuek martxan dagoen ziklo aldaketari erantzun diezaioten. “Trantsizio handien garaian bizi gara eta herri gisa ditugun erronka energetikoek, demografikoek eta teknologikoek aldaketa handiak ekarriko dituzte datozen urte eta hamarkadetan. Horrek politika publikoak berrantolatzea eskatzen du, agertoki berrietara egokitzeko, eta aurrekontuek tresna bat izan behar dute norabide horretan, ziklo aldaketa baterako aurrekontuak, alegia”.
EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “horrek esan nahi du inbertsio publikoan egiturazko aurrerapenak, kualitatiboak, egin behar direla ongizatea eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko eta trantsizio energetikoan sakontzeko”. Horiek dira, hain zuzen ere, koalizio independentistaren proposamenaren ardatz nagusiak, trantsizio garai honek eskatzen dituen aldaketa estrukturalak egiten hasteko. “Aurten, inflazioaren ondorioz, diru-bilketa ohi baino nabarmen handiagoa izan da, eta Jaurlaritzak koiuntura hori baliatu behar du etorkizuneko oinarriak ipintzen hasteko, baina, horren ordez, betiko aurrekontuak aurkeztu ditu betikoa egiten jarraitzeko. Amore eman duen gobernu baten aurrekontuak aurkeztu ditu, eragile aktiboa izateari uko eginda, hainbat arlo estrategikotan agerikoak diren egiturazko arazoak metatzen ari diren bitartean”.
Osakidetzaren gainbehera horren adibide dela ohartarazi du Kortajarenak, eta egoera hori zuzentzen hasteko planteamendurik ez egitea egotzi dio Lakuari. Hori dela eta, EH Bilduren proposamenak garrantzi berezia ematen dio Osakidetzan pilatzen ari diren arazoak konpontzeari. “Aurten kexa eta erreklamazio kopurua marka guztiak gainditzen ari da. Guztira, 36.060 kexa eta erreklamazio urtarriletik irailera bitartean, inoiz baino gehiago, eta hori ez da kasualitatea”. Errealitate horri heltzen dio EH Bilduk Gobernuari bidalitako proposamenak: neurriak planteatzen ditu itxaron zerrendak murrizteko (90 milioi euro) eta Lehen Arreta indartzeko (60 milioi euro) bereziki. “Proposamenaren lehenengo ardatzak zerbitzu publikoak indartzea du helburu, ongizatea bermatzeko. Hor sartzen ditugu osasun sistema publikoa eta Euskal Eskola Publikoa indartzeko eta zaintza duinak eta kalitatezkoak bermatzeko neurriak, Osasuna, Hezkuntza eta Zaintza Sistema izan behar direlako aurrekontuek bermatu beharreko ongizatearen hiru hanka nagusiak”.
Proposamenaren bigarren ardatzak bizitzaren garestitzeari aurre egiteko neurriak jasotzen ditu. “Etxebizitzaren arazoan, gutxieneko soldatan eta pentsiodunen egoeran zentratu gara. Aurrerapausoak eskatzen ditugu alokairua sustatzeko, etxebizitza bat alokatzea ia ezinezkoa izan ez dadin; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri ahal izateko, eta pentsio duinak bermatzeko, pentsio baxuenak 1.080 eurora arte osatuz”.
Hirugarren ardatzean EH Bilduk trantsizio energetikoan sakontzeko neurriak proposatzen ditu. “Baliabide fosilen desinbertsio prozesua zehaztu beharra dago, energia arloko politika publikoak berriztagarrietan zentratzeko, eta bono energetikoa indarrean jartzeko proposamena ere azpimarratzekoa da”.
Laugarren ardatza, azkenik, ikus-entzunezkoen sektoreari dagokio. “Sektore estrategikoa da eta uste dugu Jaurlaritzak funtzio garrantzitsu bat jokatu behar duela euskara unibertso horren erdigunean kokatzeko”.