AKTUALITATEA


| 2021-11-11 12:27:00

EH Bilduk Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legea aldatzeko lege proposamen bat aurkeztu du gaur bertan, irabazi asmoa duten unibertsitate pribatuak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Unibertsitate Sistematik kanpo uzteko eta, hala, finantzazio publikoa jasotzeko aukera ukatzeko. Hala iragarri du Ikoitz Arresek European University Gasteiz (Euneiz) sortzeko Legeari buruzko eztabaidan zehar, lege horrek, EAJ, PSE, PP eta Voxen babesa jaso duenak, unibertsitate pribatu hori diru publikoz finantzatzea ahalbidetuko duelako. EH Bilduk kontra bozkatu du, etekin ekonomikoak lortzea xede duen halako unibertsitate bat ezin delako EAEko Unibertsitate Sistemaren parte izan.

Arresek azaldu duenez, “gure helburua argia da: etorkizunean unibertsitate sistemaren eta Unibertsitate Publikoaren finantzazioa blindatu nahi dugu; ez EUNEIZ, ez irabazi-asmoko beste edozein unibertsitate pribatu bat bera ere ez dadila Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Unibertsitate Sisteman sartu, eta, beraz, ez dezatela finantzazio publikoa eskuratzeko inolako aukerarik izan”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak EAJ, PSE, PP eta Voxen jarrera kritikatu du, gaur Euneiz sortzeko onartu duten legearekin “gure unibertsitateen ekosistema erabat aldatuko delako eta irabazi-asmoa duen unibertsitate pribatu batek ateak parez pare irekita izango dituelako aurrerantzean”.