AKTUALITATEA


| 2023-07-14 13:11:00

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztea baztertu eta 23 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuei buruzko Lege Proiektuari. Mikel Oterok adierazi duenez, “suhiltzaileekin lan egin dugu zuzenean, eta beraiek egindako ekarpenak eta proposamenak jaso eta bideratu ditugu gure zuzenketen bidez; lege proiektuak badu zer hobetu, eta hori da gure helburua. Legea Jaurlaritzarekin negoziatzeko eta adosteko prest gaude”. Hala ere, ohartarazi du “Lakuak bidali digun lege proiektua bere horretan ez dela onargarria; beraz, beharrezkoak diren aldaketak eta hobekuntzak egiteari uko egiten badio, EH Bilduk kontrako botoa emango dio”.

“Legeak –azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak– suhiltzaileen funtzioak zein diren argitu eta zehazteko balio behar du, udalerri guztietan herritar guztiek zerbitzu berberak jasotzeko eskubide bera izan dezaten. Gaur ez da horrela gertatzen, toki batzuetan zerbitzu batzuk ematen direlako eta beste toki batzuetan ez, eta Gobernuaren lege proiektuak ez du hori konpontzen. Hori argitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, besteak beste, funtzioak legez zehazteak ekarri beharko lukeelako funtzio horiek baldintza egokietan betetzeko behar diren mota guztietako baliabideak bermatzea”.

EH Bilduk kategorien sailkapena, sarbideak, barne promozioa eta bigarren jarduera definitu, argitu eta arautzea ere eskatzen du aurkeztu dituen zuzenketetan. Halaber, berdintasunaren ikuspegitik, emakume suhiltzaileen aldarrikapena jaso eta aldaketak planteatzen ditu bigarren jardueraren antolaketan amatasun baimenei dagokienez, erditu eta hurrengo bi urteetan emakumeek bigarren jardunaldian aritzeko aukera izan dezaten.

Hautaketa-prozesuei buruz, lege proiektuak dio Arkauteko Akademiak diseinatu eta burutuko dituela prozesu horiek; Oterok, ordea, funtsezkotzat jo du suhiltzaileen zerbitzuek diseinatzea, betiere horrelakoei dagokien negoziazio kolektiboaren ostean. Azkenik, suhiltzaileak agintaritzaren agenteak direla kontuan hartuta, zerbitzu horiek Administrazioak zuzenean ematea proposatu du, kudeaketa zuzeneko beste formula batzuk (sozietate publikoak, erakunde autonomoak eta abar) baztertuta.