AKTUALITATEA


| 2024-07-29 10:24:00

EH Bilduk oinarrizko txirrindularitzak bere jarduna garatzeko dituen arazoak behingoz konpondu beharra aldarrikatu du, “txirrindularitza Tourra baino askoz gehiago delako”, Rebeka Uberak ohartarazi duenez, eta ekimena hartu du Legebiltzarrean helburu horrekin. Uberak azaldu du oinarrizko txirrindularitzan arazoak etengabeak izaten direla lasterketak antolatzerakoan, Gipuzkoan batez ere, Segurtasun Sailak Trafikotik jarritako oztopoen ondorioz. Hori dela eta, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, azal dezan zer egingo duen oinarrizko txirrindularitzako lasterketak antolatzeko dauden arazoak konpontzeko.

Segurtasun Sailaren traben ondorioz oinarrizko txirrindularitzaren egoera jasanezina delakoan, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren zuzendaritzak dimisioa eman zuen duela egun gutxi eta jardunean ari da orain, erreleboaren zain. “Zuzendaritzaren erabakiak arazoaren tamaina eta larritasuna adierazten ditu”, Uberaren ustez, eta horregatik haren agerraldia ere eskatu du, Legebiltzarrean azaltzeko, batetik, zein den oinarrizko txirrindularitzaren egoera Gipuzkoan eta, bestetik, zein litzatekeen konponbidea Federazioaren aburuz.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Legebiltzarrak 2023an aho batez onartu zuela ebazpen bat Jaurlaritzari eskatzeko mahai bat osatu zezala gainontzeko erakunde publikoekin eta federazioekin oinarrizko txirrindularitza arloko lasterketen beharrei erantzuteko eta baliabideak eta irtenbideak bilatu eta adosteko, besteak beste, lasterketen egutegia, ordutegiak, ibilbideak, txirrindularien eta errepideetako segurtasuna eta bolondresen beharrizanak eta segurtasuna bermatzeko neurriak. “Hala ere, urtebete igaro da eta agerian geratu da Mahai horretan pare bat bileretan hitz egindakoa eta adosturikoa ez dela bete eta ez zaiela arazo guztiei heldu, inondik inora”, salatu du Uberak. “Horretaz ere azalpenak eman beharko dizkigu Zupiriak”.