EH Bilduk tokiko merkataritza babesteko politikak indartzea ezinbestekotzat jotzen du eta, helburu horrekin, saltoki handien gaineko zerga berezia sortzea proposatu du gaur, bai eta Amazon bezalako multinazionalei bestelako neurri fiskalak aplikatzea ere, merkataritza txikiari lehia desleiala egiten diotelako. Iker Casanovak azaldu duenez, EH Bilduk hala defendatuko du datorren astelehenean koalizioak berak eskatuta Legebiltzarrak sektore horren egoerari buruz egingo duen eztabaida monografikoan. Casanovak iragarri du EH Bilduk ia 50 proposamen aurkeztuko dituela merkataritza babesteko, kuantitatiboki zein kualitatiboki garrantzi handiko sektore ekonomikoa delako eta, gainbeheran dagoen arren, Jaurlaritza ez zaiolako duen garrantzia ematen ari.
Besteak beste, EH Bilduk saltoki handien gaineko zerga berezi bat sortu beharra aldarrikatu du, beste toki batzuetan, Aragoin kasu, egin duten moduan. “Gune horiek efektu kaltegarriak dituzte gizartearentzat, hala nola, azpiegiturak eraiki beharra, lurzoruaren erabilera masiboa eta trafikoa, publikoa eta pribatua, areagotzea; beraz, zilegi da hori guztia zergapetzea”. Halaber, merkataritza elektronikoaren arloko multinazionalen lehia desleialaren aurka ere, Casanova zerga politika erabiltzearen alde agertu da. “Zelaiari ezin zaizkio ateak ipini, baina Amazon bezalako enpresei alfonbra gorria ipintzeari –Trapagaranen horixe gertatu da– utzi behar zaio, dagozkien zergak ordaintzen ez dituztelako eta kalte handia egiten diotelako tokiko merkataritzari”.
Merkataritza elektronikoari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du Digitalizazio Plan Integral bat martxan jartzea, tokiko merkataritzak arlo horretan ere lehiatzeko berme eta baldintza egokiak sortzeko.
Finean, euskal ekonomian duen garrantzia eman nahi dio EH Bilduk sektoreari eta, horretarako, esan du Casanovak, ezinbestekoa da, baita ere, euskal instituzioen eskumenak defendatzea, Gobernu espainolaren esku-hartzeak eskumen horiek murriztu dituelako, tokiko merkataritzan ondorio kaltegarriak izateaz gain. Sektoreko eragileen protagonismoa aintzat hartzea ere beharrezkotzat jo du legebiltzarkideak, orain arte EAJ-PSE Gobernuak bizkarra eman baitie; norabide horretan, Lakuak merkataritzari bideratzen dion aurrekontua lau urtetan bikoiztea proposatu du Casanovak, eskari hori guztiz bideragarria delakoan.
Tokiko produktuak sustatzeko estrategia bat diseinatzea, sektorean lan baldintzak hobetzea eta jai-egunetan ‘zero irekiera’ bermatzea, atsedena eta kontziliazioa ahalbidetzeko, dira EH Bilduren bestelako proposamen batzuk.