AKTUALITATEA


| 2022-03-31 14:04:00

EH Bilduren mozio bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak  Jaurlaritzari eskatu dio euskara hizkuntza-teknologietan integratzeko estrategiak sendotu ditzala, proiektuak garatu eta bultzatu ditzala eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak eta inbertsioak planifikatu ditzala. Izan ere, Jasone Agirrek ohartarazi duenez, “beste edozein hizkuntza bezala, teknologia berrietan ondo kokatuta ez badago, euskarak nekez iraungo du ingurune digital horretan; euskara mundu digitalean ez badago, ez da euskararik izango”.

“Europan aspalditik ari dira lanean digitalizazioak hizkuntzen arloan ekarriko dituen aldaketei aurre egin edota egokitzeko”, azaldu du, eta premiazkotzat jo du hemen ere norabide horretan aritzea. Hori dela eta, pozik agertu da EH Bilduk gaur sustatutako akordioarekin, arlo horretan orain arte existitu ez den estrategia planifikatu eta sendo bat bideratzea eta zentzu horretan urrats sendoak ematea ahalbidetzen duelako.

Horri jarraituz, Agirrek Next Generation funtsak euskara hizkuntza-teknologietan txertatzeko proiektuak sustatzeko baliatu beharra azpimarratu du, baina kezka ere adierazi du, arlo horretan Urkulluren Gobernuak ez duelako ezer egitea aurreikusi Euskadi Next programan. Azaldu duenez, horregatik da garrantzitsua, besteak beste, gaurko akordioa, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu diolako Gobernu espainolak Europako funtsen baitan onartutako Hizkuntzaren Ekonomia Berrirako proiektua aztertu dezala eta “adimen artifizialean, zientzian eta kulturan euskararen erabilera bultzatzeko proiektuak sustatu eta garatzeko baliatu dezala, hizkuntzaren tratamendua digitalizazioaren eta adimen artifizialaren sektore teknologikoarentzat funtsezkoa den heinean, betiere euskararen mesedetan”.