AKTUALITATEA


| 2021-05-24 15:51:00

Legebiltzarrak EH Bilduren legez besteko proposamen bat eztabaidatu du gaur EITBk 2010eko Ikus-entzunezko Legea betetzeko obligazioaz eta, ondorioz, ETB1ean azpidatzitako programazioaren ehunekoa handitu beharraz. Koalizioa akordio batera iritsi da EAJ eta PSErekin eta, hala, Legebiltzarrak ehuneko hori ahalik eta eperik laburrenean handitzeko eskatu dio EITBri, “desgaitasun sentsoriala duten pertsonek telebista publikoaren zerbitzu guztiak ulertu eta erabili ahal izan ditzaten”, Jasone Agirrek adierazi duenez.
EH Bilduko legebiltzarkideak azpitituluak eta audiodeskripzioa garatzearen garrantzia azpimarratu du, “herritar guztien informazio eskubidea bermatzeko”. Bere esanetan, “telebistako azpidatziek berebiziko garrantzia dute entzumen urritua duten pertsonei ikus-entzunezko edukietara heltzea bermatzeko, baina horrez gain, hizkuntza ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat ere baliagarriak dira, eta hortaz, euskaraz ulertzeko arazoak dituztenentzat tresna oso lagungarria”.
Agirrek ezinbestekotzat jo du EITBk arlo horretan ahalegin berezi bat egitea, oso urrun baitago Ikus-entzunezko Legea betetzetik. Izan ere, “lege horren arabera, modu irekian emititzen duten kanal guztiek, estatalek zein autonomikoek, azpidatziak erabili behar dituzte. Areago, 2013rako telebista publiko guztiek euren programazioaren % 90 azpidatzi behar zuten. ETB1ean, ostera, 2020an edukien %25 baino ez zen azpidatzi, legeak eskatzen duen %90 horretatik oso urrun, eta aurten %50era iristea dute helburu, legeak eskatzen duen %90etik urrun oraindik ere”.