AKTUALITATEA


| 2019-12-12 15:14:00

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak –EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin -  bere aurkakotasuna adierazi dio delivery sektoreko banaketa-enpresei (Glovo, Deliveroo, Uber…), “langileak prekarizatuz, lan-arloko enpresa-betebeharrak saihestera bideratutako iruzurrezko moduak” erabiltzen dituztelako.
Josu Estarrona legebiltzarkideak ekimenen horren garrantzia azpimarratu du, lehen aldia baita euskal gizarteak mota honetako enpresek duten eragin kaltegarria aitortzen duela. Hala eta guztiz ere, oraindik aurrera pauso gehiago eman behar direla azpimarratu du, “legearen margenetan mugitzen diren enpresa horiei mugak jartzeko” eta “langileen oinarrizko eskubideak errespetatzeko”.
EH Bilduko ordezkariak salatu duenez, “prekarietatearen eredu honek baditu bere biktima perfektuak, kolektibo zaurgarrienak eta, horien artean, gazteak. Akademikoki hobekien prestatutako belaunaldia izanagatik ere, merkatuak irauteko behar duten bekadunak dira”. Ez dira biktima bakarrak. Estarronak iraupen luzeko langabetuak eta migranteak ere aipatu ditu. “Herri duin batean, ezin dugu onartu XXI. mendeko esklabutza forma hauek”.
Enpresa eredu horiei aurkakotasuna adierazteaz gain, Legebiltzarrak Lan Ikuskaritzari eskatu dio Gizarte Segurantzako alten, bajen edo iruzurren kontrola egitea, eta “langile autonomo faltsu gisa kontratatzen dituzten plataforma digital deiturikoak jazartzea eta zigortzea”. Era berean, ekonomiaren “uberizazioaren” kelteei gaineko ikerketak eta kanpainak eskatu ditu.