AKTUALITATEA


| 2022-05-13 14:42:00

Herri honek datozen urteotan aurre egin behar dion erronka demografikoari buruzko eztabaida monografikoa egingo du Legebiltzarrak datorren asteazkenean, EH Bilduk eskatuta, eta gaur Nerea Kortajarenak ezagutzera eman ditu koalizioak pleno horretara eramango dituen zenbait proposamen. Batetik, EH Bilduk proposatuko du Jaurlaritzak familiei hilero 150 euro ordaintzea seme-alaba bakoitzeko, 18 urte bete bitartean. Kortajarenak azaldu duenez, “familiek horrelako laguntza bat jasotzen dute Alemanian, Danimarkan, Belgikan eta Irlandan; laguntza mota hauek ez dute jaiotze-tasa igotzen, baina ongizatea sustatzen dute eta frogaturik dago haur pobreziaren kontrako neurri eraginkorrenak direla”.

Bigarren proposamen bat ere iragarri du Kortajarenak, “erraza eta ulergarria, 12 urtez azpiko umeentzat garraio publikoa doakoa izatea”. EH Bilduko legebiltzarkideak erantsi duenez, “asteazkenean ekarriko ditugun proposamenetatik bi adibide baino ez dira,  baina beste arlo askotako neurriak ere egongo dira”.

Izan ere, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “guretzat eztabaida hau ez da jaiotze tasa igotzearen ingurukoa; debatea askoz harago doa eta erdigunera ekarri behar du, adibidez, EAEn seme-alabak izatea pobrezia faktore bat izatea, etxebizitzaren prezioak eta lan prekarietateak dakarten ziurgabetasuna, azken hamarkadan emakumezkoon bizitza baldintzetan eman den okertzea,  ama izateak emakumeentzat duen aukera kostea, gizon eta emakumeon denboren antolaketa, zaintza ereduaren demokratizazioa, belaunaldien arteko erreleboa antolatu beharra, zahartzea… Eztabaida potoloa da beraz, eta, erronka demografikoaren ertz guztiak aintzat hartuta, feminismotik bizitza ibilbide berri eta kolektiboak berreraikitzeko proposamen eraldatzaileak  jarriko ditugu mahai gainean”.

Erronka demografikoa gai estrategikoa izanik, Kortajarenak behar-beharrezkotzat jo du berau agendaren erdigunean kokatzea eta lehentasun politikoa ematea. “Horregatik eskatu dugu pleno monografikoa, estrategia demografikoak, eraginkorra izan dadin, denen ekarpenak behar dituelako, eta horretarako ezinbestekoa da eztabaida serio, garden eta publiko bat egitea, adostasun zabalak eraikitzeko eta lehentasunak eta neurriak talde parlamentarioen artean zehazteko”. EH Bilduren aburuz, pasa den abenduan Jaurlaritzak demografiaren inguruan abiarazi zuen gogoeta prozesuak ez du benetako aukerarik ematen estrategia partekatu bat osatzeko eta gaiari duen garrantzia emateko. “Hamarkada batean indarrean egongo den estrategia baten oinarriak definitzeaz ari gara eta guk prozesu parte-hartzaileak beste era batean ulertzen ditugu”.

Politika natalisten porrota

Arlo honetan orain arte egindakoari begira, Kortajarenak Jaurlaritzaren “politika natalisten porrota” salatu du, eta kezkaz ohartarazi du ez dirudiela Lakuan orain arteko norabide okerra zuzentzeko asmorik dagoenik. “Porrot batetik gatoz. Gobernuak jaiotze-tasa igotzea herri helburutzat jo zuen eta emaitzak oso argiak dira: Europako jaiotze-tasa txikiena dugu, eta gazteen emantzipazio adinari begiratzen badiogu, emaitza ez da hobea: emantzipazio adina, bataz beste, 26 urtekoa da Europan, eta hemen 30-34 urteren bueltan gaude. Gainera, haur pobreziak gora egin du azken urte hauetan, Jaurlaritzaren estrategiak espresuki kontrakoa bilatzen zuenean”.