AKTUALITATEA


| 2021-09-07 12:31:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osakidetzak langileak euren jatorriagatik diskriminatzeari utz diezaion. Izan ere, duela egun gutxi ESK sindikatuaren salaketa batek argitara atera zuenez, Osakidetzak Europaz kanpoko behin-behineko langileei ez dituela berriz kontratatuko jakinarazi die, hain justu ere, europar nazionalitatea ez edukitzeagatik. Hori dela eta, langileak euren jatorriagatik diskriminatzea onartezina delakoan, EH Bilduk ahalik eta lasterren lege proiektu bat aurkez dezala eskatu dio Jaurlaritzari, Osakidetzan enplegurako sarbidea inori ez ukatzeko bere jatorriagatik.

Rebeka Uberak azaldu duenez, “Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak kontratazio publikoetan nazionalitatea kontuan ez hartzea ahalbidetzen du interes orokorrak hala eskatzen duenean, eta bistakoa da Osakidetzak beharrizan handiak dituela pertsonal arloan”. Hortaz, horretara jotzen du EH Bilduren proposamenak, nazionalitatean oinarritutako diskriminazioa desagerraraztera. Halaber, horretarako legea prestatu bitartean, orain arte Osakidetzan aritu diren langile guztiak, Europar Batasunetik kanpokoak barne, kontratazio-poltsetan mantentzeko galdegin dio koalizioak Jaurlaritzari, bai eta haren gainerako sailetan jatorriagatik eman daitezkeen diskriminazio egoerak identifikatu eta zuzentzeko ere.

Uberaren esanetan, “2021. urtean onartezina da jatorriagatik enplegurako sarbidea murriztea; Amerika, Afrika edota Asiatik iritsitako herritarrek Administrazioan lan egiteko eskubidea dute, beste edozein pertsonari eskatzen zaizkion baldintzak betez gero. Gainera, ez da logikoa osasun arloko langileei Osakidetzako ateak euren jatorriagatik ixtea osasun sistema publikoan profesionalen beharra hain handia denean. EAE pertsona guztientzako benetako harrera lekua izan dadila nahi dugu, giza eskubideak babestu eta aniztasunean oinarrituko den elkarbizitza garatzeko, eta horretarako funtsezkoa da herritartasun unibertsalari lotutako eskubideen defentsa aktiboan oinarritutako politika propioak sustatzea”.