EH Bilduk Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eraldaketa sakon baten premia azpimarratu du, eta, prozesu hori elkarlanean eta modu parte-hartzailean burutzeko, Legebiltzarrean ponentzia bat abian jartzea proposatu du. Nerea Kortajarenak azaldu duenez, “ponentzia hori hausnarketa eta erabakiak hartzeko espazioa bat izango litzateke, mugimendu feministarekin, adituekin, sindikatuekin, arloko eragileekin eta erabiltzaile eta senitartekoen elkarteekin zaintzen antolaketaren inguruko proposamenak lantzeko eta eztabaidatzeko espazio bat. Bere helburua unibertsala, ekitatiboa, eta kalitatezkoa izango den arreta sistema publiko komunitarioa erreferentzial baterako eraldaketa sustatzea izango litzateke, Gizarte Zerbitzuen lege berri baten oinarriak ipintzeko”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, indarrean dagoen Gizarte Zerbitzuen Legeak 17 urte bete ditu, eta Jaurlaritzak berak egin duen ebaluazioaren “diagnostikoa ezin daiteke etsigarriagoa izan”. Izan ere, “dagoeneko ezin uka daiteke zaintza lanak kolektibizatu eta duintzea aurrera begira dugun erronka nagusienetako bat dela, zaintzen antolaketa gaur egun ezagutzen dugun moduan ez baita jasangarria, biztanleriaren zahartzearen ondoriozko desoreka demografikoak zaintza lanak areagotu dituelako, eta are gehiago areagotuko ditu etorkizunean”.
Hori horrela, Kortajarenak azpimarratu du “Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema sakonetik eraldatzeko prozesua ezin daitekeela gehiago atzeratu, zaintza beharrezkoa den ondasun unibertsal bezala onartu eta zaintza lanak familia eremutik ateratzen dituzten erakundetzeak sortzea herri bezala dugun premia handienetako bat delako”.
Alde horretatik, EAJk eta PSEk EH Bilduren proposamenari eman dioten ezezkoa deitoratu du, “inflexio puntu batean gaudelako eta adostasun bat, helduleku bat badugulako: ikuspegi kritiko batetik edo ikuspegi autokonplaziente batetik, denok ulertzen dugu 17 urte beranduago eraldaketa sakona behar dugula gizarte zerbitzuen arloan”.