AKTUALITATEA


| 2022-06-29 11:55:00

EH Bilduk ponentzia bat sortzea proposatuko du bihar Legebiltzarrean “Osakidetzaren eta, bereziki, Lehen Arretaren egoerari buruzko diagnostiko bat egiteko sektoreko aritu, aditu eta langileen ordezkariekin batera, elkarlanean”. Maddalen Iriartek azaldu duenez, ponentziak aukera emango luke “Osakidetzan azken urteetan eginiko politikak ebaluatzeko, gaur egungo egoera aztertzeko, beharrak eta lehentasunak identifikatzeko eta, azkenik, neurriak eta konponbideak adosteko, betiere hurrengo hamarkadako erronkei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko”. Gaiak duen premia kontuan hartuta, ponentziaren lanak hiru hilabeteko epean amaitzea nahi du Iriartek.

EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du Hezkuntzan akordio estrategiko bat lortu dela, arlo horretan dauden arazo nagusiak identifikatuz eta konponbideak planteatuz. “Hezkuntza bezala, Osasuna ere herritarren ongizatearen oinarrizko zutabeetako bat da, eta hor ere akordio zabal bat erdiesteko gai izan behar dugu”. Hori da, azken batean, EH Bilduk proposatu duen ponentziaren helburua. “Duela urtebete gauza bera planteatu genuen eta EAJk eta PSEk atzera bota zuten orduan. Hala ere, egoera aldatu da. Zoritxarrez, Osakidetzaren egoerak, Lehen Arretan bereziki, okerrera egin du eta orain inork ez luke ulertuko ponentzia hau sortzeari, elkarlanean aritzeari, Gobernuko alderdiek ezezkoa ematea, osasungintza bezalako gai estrategiko batean akordio zabal bat lortzeko aukerari muzin egitea”.

Iriarteren irudiko, premiazkoa da Osakidetzaren gainbehera, Lehen Arretan batez ere, gelditzea. Pasa den igandean milaka herritar kalera atera ziren Bilbon kalitatezko osasun sistema publiko bat aldarrikatzeko, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak duela egun batzuk egindako adierazpenek asaldatuta. Dena den, “Osakidetzan dugun arazoa Sagarduiren hitzetatik harago doa, askoz sakonagoa da”, ohartarazi du Iriartek. “Osakidetzan prekarietatea areagotu da eta murrizketak ugaritu dira azken urteotan. Horrela ez dago kalitatezko zerbitzuak bermatzerik eta, jakina, herritarrak eta bertako langileak dira ondorioak pairatzen ari direnak”. Bada, ez da harritzekoa herritarrek osasun sistema publikoaz duten iritziak pixkanaka okerrera egitea, Jaurlaritzak berak egiten duen Soziometroak argi islatzen du hori. “Duela hiru urte osasungintza zortzigarren arazo nagusia zen jendearentzat, iaz bosgarrena zen jada, baina gaur hirugarrena da. Lan merkatuaren eta arazo ekonomikoen ondoren, gaur herritarrek osasuna dute arazo nagusitzat”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak Osakidetzan arazoak egiturazkoak direla azpimarratu du. “Pandemiak bortizki azaleratu ditu, baina Osakidetzan arazoak estrukturalak dira, aspaldikoak, eta orain urteetako murrizketa eta politika okerren ondorioak ikusten eta pairatzen ari gara. Indartu beharrean, Jaurlaritza osasun sistema publikoa ahultzen ari da, azken 10-12 urteotan ez delako apustu sendo bat egon sistema behar bezala indartzeko. Proportzioan, Barne Produktu Gordina kontuan hartuta, aurten duela 12 urte baino gutxiago inbertituko dugu osasungintzan”.