EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Osakidetzak abendu eta urtarrilerako iragarri dituen murrizketen ondorioak arintzeko asmoz. Izan ere, Osakidetzak jakinarazi duenaren arabera, hainbat anbulatoriok eta Etenik Gabeko Arreta Gunek ordutegia murriztuko dute bi hilabete hauetan eta txanda batzuetan ez da medikurik egongo. Hori dela eta, Rebeka Uberak, “beharrezkoak diren egiturazko neurriak hartzen ez diren bitartean, berehalako neurri paliatiboak, epe motzekoak”, hartzeko eskatu dio Osasun Sailari, murrizketa horiek “ahalik eta kalterik txikiena” egin diezaien herritarrei zein Osakidetzako langileei.
Helburu horrekin, EH Bilduko legebiltzarkideak Osakidetzako plantilla indartzea eskatu du. Besteak beste, administrariak eta erizainak kontratatzea proposatu du, aurrez aurreko eta telefono bidezko zitak ahalik eta hobekien bermatu ahal izateko, “presentzialtasuna funtsezkoa baita osasun egoera larriagoan egon daitezkeen pertsonak hobeto identifikatzeko”. Plantilla indartu nahian ere, Uberak kontratu partzialak dituzten osasun langileei lanaldi osoko kontratuak eskaintzea planteatu du, eta, salbuespen gisa, espezializazioa amaitu ez duten profesionalei zenbait funtzio ematea anbulatorioetan eta Etenik Gabeko Arreta Guneetan. Halaber, Gabonetako opor eta jai egunen kudeaketaren ondorioz sistema ahuldu ez dadin, egun horiek datorren urtean hartzeko aukera ematea proposatu du, urtea bukatu aurretik hartzera behartu gabe.
Etenik Gabeko Arreta Guneei dagokienez, medikuen presentzia ziurtatu beharra azpimarratu du legebiltzarkideak, “eta erizainak soilik dauden kasuetan, aldez aurretik komunikatu behar zaie herritarrei, ondo azalduz nolako kasuetan jo behar duten gune horietara”. Alde horretatik, Uberak informazio kanpaina bat eskatu du herritarrek une oro jakin dezaten zein ordutegi eta zelako zerbitzuak aurkituko dituzten anbulatorioetan eta Etenik Gabeko Arreta Guneetan.
EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du Osakidetzan premiazkoa dela kontratazio politika aldatzea eta, bien bitartean, bere mozioan jasotakoak bezalako “neurri paliatiboak” hartzea anbulatorioetan eta Etenik Gabeko Arreta Guneetan kalitatezko arreta beti bermatzeko. “Bestela, jendeak ospitaleetako Larrialdietara jotzen jarraitu beharko du, eta zerbitzu horiek saturaturik jarraituko dute”.