AKTUALITATEA


| 2024-01-15 13:14:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osakidetzako plantilla estrukturala indartzeko. Zehazki, plantilla estrukturala %11 handitzea proposatu du, 2025. urtea amaitu bitartean desagertzeko arriskuan dauden 3.600 lanpostuak erregularizatzea, alegia.

Rebeka Uberak azaldu duenez, “egun 31.011 lanpostuk osatzen dute Osakidetzako plantilla estrukturala, baina horiez gain beste 10.000 langile inguru aritzen dira egunerokoan, behin-behinekoak direnak, guztiek plantilla funtzionala, erreala, osatzen dutenak. Arazoa da behin-behineko lanpostu horietatik 119 desagertu egin zirela iraila eta azaroa bitartean eta, guztira, 3.600 galduko dira 2025. urtea amaitu bitartean, legearen arabera behin-behineko kontratu horiek ezin direlako etengabean luzatu. Konponbidea zein den argi dago: Osakidetzak bere plantilla estrukturalean txertatu eta erregularizatzea, eta horixe da, hain justu, eskatzen duguna, 3.600 lanpostu horiek erregularizatzea, bestela galdu egingo direlako; hau da, hori egin ezean, plantilla funtzionala, ospitaleetan eta osasun zentroetan egunerokoan lanean dagoena, murriztuko litzateke, eta hori onartezina litzateke Pertsonal arloan gabeziak hain agerikoak direnean”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Pertsonal arloko politikaren garrantzia azpimarratu du, “guztiz markatzen duelako Osakidetzako egunerokoa, eta ondorio zuzenak dituelako pazienteei emandako arretaren kalitatean”. Arreta egokia bermatzeko, erantsi du, “ezinbestekoa da plantilla sendo eta egonkor bat izatea, plantilla estrukturala handitzea, azken batean, eta bada garaia, norabide horretan, plantilla estrukturala eta funtzionala berdintzeko urratsak ematea, kontratazio politika garden eta egonkor batekin behin-behinekotasuna amaitzeko”.