Gaur eta bihar Gasteizko Campus unibertsitarioan Osakidetzaren azken Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) hainbat espezialitateri dagozkien azterketak egiten ari direla, EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean oposizioen eredua aldatzeko eta prozesu horren guztiaren kudeaketa hobetzeko. Rebeka Uberak beharrezkotzat jo du “Osakidetzak egun darabilen eredua aldatzea, agerikoa delako emaitzak ez direla onak, Osasun Sailak egiten duen kudeaketan arazoak etengabe pilatzen ari direlako eta oposizioetara aurkezten direnen artean ere ezinegona, kezka eta haserrea nagusi izaten direlako”.
Hori dela eta, egungo eredua aldatu eta hobetzeko neurriak hartzea premiazkoa delakoan, EH Bilduko legebiltzarkideak ekimena hartu du Osasun Sailari eskatzeko arloko mahai sektorialean aztertu eta adostu ditzala Osakidetzako langileen hautaketa prozesuak hobetzeko hainbat puntu. Besteak beste, proposatu du LEP batean lortutako emaitza nahikoa izatea Osakidetzako zerrendetan egoteko. “Emaitza hori gordeta geratuko litzateke, langileak, nota hobetzeko, beste LEP batean izena ematea erabaki bitartean. Horrek kudeaketa eta prozesu administratiboak sinplifikatuko lituzke, eta kudeaketak, oro har, hobera egingo luke Osakidetzan. Gaur egun, ordea, arlo horretan aritzen diren langileak itota daude, oposizioak kudeatzeak dakarren zama izugarriak itota”. Gainera, Uberak erantsi duenez, “jendeari ezin zaio eskatu behin eta berriz aurkez dadila azterketetara, aurreko oposizio batean lanpostua jada lortu zuela jakin gabe askotan, hori kudeaketa on baten ikuspegitik ez delako batere eraginkorra”.
EH Bilduren proposamenaren arabera, oposizioetan parte hartzeko behar den dokumentazioa behin aurkeztea nahikoa litzateke, hurrengoetarako gordeta geratuko litzatekeelako, tramitazioa sinplifikatzeko. Halaber, Osakidetzaren lan eskaintzen kudeaketaz arduratuko litzatekeen talde espezializatu bat sortzea planteatu du, epaimahaietako kideak prestatu eta langileen ibilbide formatiboaren jarraipena eta ebaluazioa egingo lukeena.