AKTUALITATEA


| 2023-09-22 13:11:00

EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok ohartarazi du gaur “azken 10 urteotako erritmoa mantenduz gero, 200 urte baino gehiago beharko ditugula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan klima neutraltasunera iristeko”. Arazoa da, erantsi duenez, ez ditugula 200 urte, Jaurlaritzaren beraren eta nazioarteko erakundeen helburuen arabera, klima neutraltasunak errealitate bat izan beharko lukeelako 2050. urterako.

Oterok datu ofizialak mahaigaineratu ditu: “2013an CO2 isuriak 19,3 milioi tona ziren EAEn; gaur 17,6 milioi dira; hau da, Urkulluren agintaldietan isuriak %9 bakarrik jaitsi dira, baina erritmo horretan 240 urte beharko genituzke klima neutraltasunera iristeko. Eta energia berriztagarrien erabilerari dagokionez, denbora tarte berean %12,7tik %16,6ra pasatu gara, %3,9ko igoera bat, baina klima neutraltasuna lortzeko %100era hurbildu behar dugu, eta azken 10 urteotako erritmoarekin 210 urte beharko ditugu”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, datuek agerian uzten dute nolakoa den trantsizio energetikoaren erronkaren tamaina, eta erronka horretan emaitza arrakastatsua izan dadin ezinbesteko baldintza dela aktibazio eta mobilizazio soziala, lehendakariak eta bere gobernuak gidatu eta zuzendu behar dutena. “Gure anbizio klimatiko-energetikoa behar ekologikoekin sinkronizatu nahi badugu, eraldaketari behar den erritmoa sartu nahi badiogu, ez da nahikoa aurrekontuen kudeaketa on bat egitea edo lurralde plan on bat edo lege on bat egitea. Azken helburuak betetzeko, herri mobilizazio orokor bat deitu eta egituratu behar dugu, erabateko aktibazio politiko-sozial eta ekonomikoa behar da. Guk Estatu politika deitzen diogu honi, eta Estatu politika hauen egituraketan Jaurlaritzak erantzukizun berezia du, lehendakaria buru duelarik”.

Hala ere, ez Urkullu, ez Jaurlaritza ez dira eraldaketa prozesu horrek behar duen lidergoa erakusten ari, kritikatu du Oterok. Gaur bertan, lehendakariak eztabaida horretatik ihes egin du, nahiz eta EH Bilduren ordezkariak zuzenean interpelatu duen. Herri akordioak proposatzea baina halakoak gauzatzeko urratsik ez egitea egotzi dio Oterok. “Urkulluk trantsizio energetikoaren arloan herri itun bat behar dela esan zuen, baina proposamen bat mahai gainean ipini duen bakarra EH Bildu izan da; ez Jaurlaritzak, ez EAJk ez dute ezer aurkeztu”.