AKTUALITATEA


| 2021-06-01 14:36:00

Trantsizio energetikoaren baitan mugikortasun eredu berri bat ezartzea eta energia berriztagarrietan oinarritutako mugikortasun elektrikoaren aldeko apustu egitea ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk Mugikortasun Elektrikoa Bultzatzeko Estrategia bat diseinatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Iker Casanovak mozio bat aurkeztu du Lakuako Gobernuak, Eudelek eta foru aldundiek batzorde bat sor dezaten estrategia hori diseinatze aldera, betiere eragile sozialekin, sindikatuekin, akademiakoekin, enpresakoekin eta ekologistekin kontrastatuta.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “estrategia horren helburu nagusietako batek ibilgailu elektrikoen salmenta bultzatzea izan behar du, 2030ean auto elektrikoak salmenta guztien % 75 izan daitezen, eta horrekin batera, parke elektrikoa elikatzeko birkarga sare publikoa hedatzea”.

Mugikortasun elektrikoari dagokionez, Estatu espainola oso atzeraturik dago Europar Batasuneko beste estatuekin alderatuta, eta EAE are atzerago dago. Hori aldatzeko hainbat neurri behar-beharrezkoak dira, Casanovaren iritziz: “Garraio publikoa erabat elektrifikatzeko prozesua azkartzea, ibilgailu elektrikoak erosteko eta etxeko karga-puntuak instalatzeko laguntza ekonomikoak handitzea, car-sharing estrategia (Europan gero eta hedatuago dagoen udal ibilgailu elektrikoen alokairua) abiaraztea edota erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailu pribatuak erosteko laguntza kanpainak etetea”. Azken puntu honen harira, Casanovak “trantsizio energetikoaren logikaz kanpo” kokatu du Jaurlaritzak gaur bertan hasi duen Renove Plana, “praktikan erregai fosilak erabiltzen dituzten autoen salmenta soilik bultzatuko duelako, mugikortasun elektrikoa sustatu beharrean”.