AKTUALITATEA


| 2020-01-21 12:18:00

Legebiltzarrak Mina del Morro-Larreagaburu Santutxuko ikastetxe publikoaren etorkizuna aztertuko du EH Bilduren ekimenez, Rebeka Uberak ekimen sorta aurkeztu baitu Hezkuntza Sailaren asmoak salatzeko eta atzera egin dezala eskatzeko. Izan ere, Cristina Uriarte buru duen Sailak 2 urteko gela itxi zuen iaz aipatutako ikastetxean eta aurten jokaldia errepikatu nahi du 3 urteko gelarekin, bertako eskola komunitatearen iritzia eskatu eta aintzat hartu gabe gainera, eta horrek guztiak, EH Bilduren iritziz, agerian uzten du Jaurlaritzaren azken helburua eskola bera ixtea dela. Horixe bera argitu beharko du Uriarte sailburuak Kontroleko Osoko Bilkuran, Uberak haren asmoen inguruko xehetasunak eskatu baitizkio. Halaber, idatziz erantzuteko galdera sorta bideratu dio jada Hezkuntza Sailaren planak ahalik eta hobekien azal ditzan, eta Mina del Morro-Larreagaburu eskolako hezkuntza-komunitatearen ordezkariak Legebiltzarrean ager daitezela ere galdegin du, Jaurlaritzaren planei buruz duten iritziari bozgorailu bat emateko. Bilboko EH Bildu ere lanean ari da Udaletxean eta auzoan bertan arazoari irtenbide ezberdinak bilatu nahian.

Uberak azpimarratu duenez, “Bilboko Santutxu auzoak kalitatezko hezkuntza eskaintza euskaldun, inklusibo, laiko eta publikoa behar du, eta hori, gaur egun, Mina del Morro-Larreagaburu, Luis Briñas eta Karmelo ikastolaren eskaintzan inbertituz gauzatu daiteke soilik”. Bada, “behar-beharrezkoa da Mina del Morro-Larreagaburu eskolaren hezkuntza proiektua indartzeko baliabideak handitzea eta instituzioen zein hezkuntza komunitatearen inplikazioa bermatzea, bai eta Lakuak auzoan bultzatu nahi duen masifikazioa, homogeneizazioa eta makro-zentroak ekiditea ere”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak 2 eta 3 urteko haurren matrikulazioa berriz irekitzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari eta, hala, bat egin du Mina del Morro-Larreagaburu eskolak berak, Luis Briñasek eta Karmelo ikastolak abiatu duten aldarrikapen-dinamikarekin, “Santutxun kalitatezko hezkuntza euskaldun, inklusibo, laiko, hezkidetzaile eta publikoaren alde”. Gaur arratsaldean bertan EH Bilduk parte hartuko du deitu duten mobilizazioan.