AKTUALITATEA


| 2021-03-23 13:09:00

Fiskalitate arloan, saltoki handiek eta merkataritza elektronikoak denda txikiek ez dituzten abantailak dituzte, eta horrek merkataritza forma ezberdinen arteko lehia askea eta orekatua faltsutu egiten du, denda txikien kalterako. Gogoeta hori abiapuntu, EH Bilduk bi proposamen aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean injustizia hori neutralizatzeko. Izan ere, Iker Casanovak adierazi duenez, “merkataritza txikiak plus bat ematen dio gizarteari eta, beraz, instituzioetatik babestu behar dugu merkataritza elektronikoarekiko eta saltoki handiekiko lehia justua izan dadin”.
Hori dela eta, koalizioak pasa den legealdian aurkeztu baina tramitatu gabe geratu zen lege proposamena berreskuratu du saltoki handien gaineko zerga berria sortzeko, gune horiek ingurumenean duten inpaktua konpentsatzeko. Casanovak fiskalitate berdearen kontzeptuaren baitan kokatu du ekimena, batetik, halako saltokiek espazio fisiko handia okupatzen dutelako eta, bestetik, auto pribatuaren erabilpena areagotzea dakartelako. Saltoki handien gaineko zerga Nafarroan, Katalunian eta Asturiasen jada existitzen dela aipatu ostean, proposamenaren eduki zehatza azaldu du: saltoki handiek okupatzen duten superfiziearen arabera ordainduko lukete, 15 euro metro karratuko, hain justu. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 800.000 metro karratu okupatzen dituztenez, Administrazioak 12 milioi euro inguru jasoko lituzke urtean. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, karga fiskal hori ez litzateke gehiegizkoa izango enpresa horientzat, 2020an salmentak %0,4 igo zirelako. Merkataritza txikian, aldiz, %4,9 jaitsi ziren eta enplegua ere galdu zen, lanpostuen %2,3, hain zuzen ere.
Bigarren proposamenak online merkataritzaren gaineko fiskalitatea hobetzea du xede, gehiago zergapetzeko, sektore horretako enpresen etekinen eta ordaintzen dituzten zergen artean desoreka handia dagoelako eta, saltoki handiek bezala, merkataritza elektronikoak ere inpaktua duelako ingurumenean: banaketa prozesuan garraio pribatuaren erabilpena sustatzen du eta gero kudeatu beharreko hiri-hondakinak sortzen ditu. Bada, EH Bilduk Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei eskatu die online merkataritzari aplikatzen zaion eredu fiskala aztertu dezatela eta lau hilabeteko epean proposamen bat aurkeztu dezatela sisteman karga berriak txertatzeko.