AKTUALITATEA


| 2021-07-14 12:52:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean Osasun Sailak Lehen Arreta, unitate epidemiologikoak eta aztarnari ekipoak indartu ditzan, pandemiaren fase honetan arlo horiek direlako birusaren presioa gehien nabaritzen ari direnak, Rebeka Uberak azaldu duenez. Neurri horiek hartzea premiazkoa delakoan, eta Legebiltzarreko epeek eztabaida atzeratzea ekar dezaketela kontuan hartuta, EH Bilduk zuzenean helarazi dio proposamena Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, “aintzat hartuko duen itxaropenarekin”.

Uberaren esanetan, “txertoari esker beste fase batean sartu gara eta bada garaia gauzak beste era batera egiteko; orain arte erabili ditugun adierazle batzuk –ZIUetan okupatutako oheak, esaterako– ez dira hain garrantzitsuak izango, birusaren presioa batez ere Lehen Arretan, unitate epidemiologikoetan eta aztarnariengan nabarituko delako; beraz, datorrenari aurre egiteko ezinbestekoa izango da atal horiek bereziki indartzea”. Izan ere, “txertoa ez da nahikoa, neurri prebentibo osagarriak behar dira”.

Norabide horretan doa koalizioaren proposamena. “Orain arte erabilitako adierazleak ez dira nahiko pandemiaren fase honetan, bestelakoak hartu behar dira kontuan neurriak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen”. Hala, honako hauek dira kontuan hartu beharreko adierazle berriak, Uberak azaldu duenez: “Lehen Arretako presio asistentziala (aurrez aurreko kontsulten eta mediku edota erizain kopuruaren arteko harremana), osasun arloko profesionalen bajen tasa, Lehen Arretan egunean egiten diren PCR kopurua eta trazabilitatea %60tik gora egotea”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Lehen Arreta, unitate epidemiologikoak, aztarnari taldeak eta alerta sistema indartzea proposatu du, “Lehen Arreta indartzea premiazkoa baita orain dagoen kolapsotik ateratzeko eta aurrez aurreko kontsultak behar bezala berreskuratzeko”. Horren ildotik ere, “Osakidetzan behin-behineko kontratuekin ari diren langileei urtebeteko kontratuak eskaintzeko” eskatu dio Jaurlaritzari, osasun sistema publikoa indartze aldera. Halaber, “Lehen Arreta eta epidemiologia bereziki indartzeko, osasun profesional eta administratibo batzuk unitate edo arlo horietara lekualdatzea planteatzen dugu”.

Ubera kezkatuta agertu da “pandemiaren eboluzioa benetan kezkagarria izaten ari delako eta ez dugulako ikusten Jaurlaritza arazoari tamaina hartzeko gaitasuna erakusten ari denik”. Salatu duenez, “okerrera gindoazelako adierazleak bistakoak ziren LABI azkenekoz batzartu zenean, duela astebete, baina hartu zuen neurri bakarra neurriak ez hartzea izan zen. Harrigarria da zer nolako gaitasuna duen gobernu honek bere arduretatik ihes egiteko, erabakiak ez hartzeko, ez mugitzeko, kutsatzeak ezer egin gabe jaitsiko direla pentsatuko balu bezala. Erabakiak eta neurriak hartu beharrean, lehendakariak herritarren bizkar ipini zuen berriz ere erantzukizun osoa”.

Uberaren hitzetan, “ikaragarria da birusari aurrea hartzeko Urkulluren Gobernuak duen gaitasun falta, beti inprobisazio etengabean”. Gogora ekarri duenez, “duela hilabete bat Delta aldaera hedatzearen arriskuaz ohartarazi genion Osasun sailburuari eta neurri prebentiboak planteatu genituen. Axolagabean erantzun zigun, gaiari garrantzia kentzen, aldaera horren progresioa ez omen zelako kezkagarria. Gaur, ordea, Delta aldaera kutsatze guztien %35-40 da, eta portzentajea gora doa. Planifikazio faltaren marka guztiak, dena den, lehendakariak gainditu zituen pasa den astean, LABIk Bizi Berri IV Plana onartu zuenean. Hiru eszenatoki posible zehaztu zituen eta okerrenean ere ez zegoen aurreikusita inzidentzia tasak 300etik gora egitea. Bost egun nahiko izan dira Urkulluren prebisioak bertan behera uzteko”.