AKTUALITATEA


| 2024-09-27 11:41:00

Euskara biziberritzeko politiken kontrako erasoaldi judizialari erantzun beharra aldarrikatu du gaur EH Bilduk Legebiltzarrean, “lehen mailako auzi politiko-juridikoa” delakoan, eta euskararen arkitektura juridikoa berritzea proposatu du norabide horretan. “Egungo hizkuntza eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko beharrezkoak diren lege erreformak egin beharko genituzke, urgentziaz, baina horretarako ausardia eta erabakimena behar dira, betorik gabe”, esan dio Josu Aztiriak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. “Ausardia epe ertainean euskarari estatus juridiko egokia emango dion bideari ekiteko, eta erabakimena epe laburrean eta urgentziaz sententzietatik babesteko beharrezko moldaketa juridikoak egiteko”. Halaber, bide hori elkarrekin egiteko EH Bilduren prestasuna adierazi dio.

Aztiriak ohartarazi duenez, euskararen aurkako oldarraldi judiziala “ez da koiunturala, estrategikoa baizik”, eta horrek “tamainako erabakiak eta ekimenak hartzea” eskatzen du, bere iritziz, “adierazpen eta helegiteetatik harago”. Erasoak, etengabeak, “justu euskararen biziberritze prozesuan aro berri bat ireki eta hizkuntza politika berria martxan jarri behar dugun unean” iristen ari dira; testuinguru honetan, beraz, “ekimen legegilea hartzeko unea da, hizkuntza politikan jauzi bat egiteko beharrezkoa dugun arkitektura juridiko berria erdiesteko eta hizkuntza eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko”.

Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du “Europako Kontseiluak hizkuntza eskubideak betetzeko eskatu berri diela Espainiako Gobernuari, Nafarroako Gobernuari eta Jaurlaritzari”, baina “hemen, aldiz, agenda erregresibo eta olatu oldarkor juridiko, politiko eta mediatiko bat jasaten ari gara. Hizkuntza eskubideak bete ez eta gainera urraketaren eta ezberdinkeriaren defentsa eta apologia pairatu behar dugu”.