Mikel Oterok ongietorria eman dio EAEko Auzitegi Nagusiak Gasteizen gas ez konbentziala esploratzeko Jaurlaritzaren saiakerari emandako erantzunari. Auzitegiak arrazoia eman dio Udalari eta ukatu du SHESAri, hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko Gobernuaren sozietateari, Sunbillan Armentia 2 gas putzua esploratzeko baimena eman behar zaiola. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “tamalgarria da 2023an, Jaurlaritzaren egoskorkeriagatik, oraindik honi buruz hitz egiten egotea”.
Oterok Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako helegiterik ez aurkezteko eta bide judiziala behingoz ixteko eskatu dio Lakuari, 2005ean SHESAk ireki zuen prozesua amaituta dagoelako. Salatu duenez, energia berriztagarrien hedapena bultzatu beharrean, Gobernuak 18 urte eman ditu hidrokarburoak, erregai fosilak, ustiatu nahian, eta orain “erantzukizunak garbitzeko ordua iritsi da, 18 urtez diru publikoa xahutu duelako baliabide fosilen aldeko apustu itsu horren baitan. Prozesu osoa, gainera, narrasa izan da, hasieratik zekitelako leku horretan ezin zela gasa esploratu”.
Horren haritik, SHESA amaitu eta ixteko ordua iritsi dela azpimarratu du eta oso eskari zehatza egin dio EAJri zuzenean: “Aski da, hidrokarburoen bidea atzean utzi behar du, klima larrialdiaren garaian bizi garelako eta energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egin behar delako”.