AKTUALITATEA


| 2025-06-26 12:00:00

Guardia Zibilak Iratxe Sorzabal torturatu egin zuela frogatutzat eman duen Auzitegi Nazionalaren epaia abiapuntu hartuta, EH Bilduk tortura eta torturatuen errealitatea ipini ditu mahai gainean Legebiltzarrean, Jaurlaritzari eskatzeko neurriak har ditzala tortura jasan duten euskal herritar orok egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak gauzatu ditzaten, eta horretarako beharrezkoak diren mekanismo juridiko eta lege aldaketak sustatu ditzala. Halaber, Gogora Institutuari eskatu dio Iratxe Sorzabalen esku jar ditzala beharrezko diren baliabide juridiko guztiak Justiziaren aurrean bere eskubideak gauzatu ditzan eta tortura horien egile izan ziren Estatu agenteen ardura penalak ikertu eta argitu daitezen. EH Bilduren proposamenak ez du, hala ere, aurrera atera, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dutelako, PPk eta Voxek bezalaxe.

Eraitz Saez de Egilazek Sorzabal kasuaren garrantzia azpimarratu du, inflexio puntua delakoan. Izan ere, “argi geratzen da, batetik, Estatuko agente eta indar polizialek tortura erabili dutela modu sistematikoan eta tortura horien pean egindako deklarazioak ezinbesteko froga izan direla zigorrak ezartzeko, eta, bestetik, torturatuak dauden bezalaxe, torturatzaileak daudela, egitate batek bestea dakarrelako ezinbestean”.

Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “eskandalu bat da Auzitegi Nazionalak tortura aitortu eta honek eskandalurik ez sortzea; aurretik ere jakina zelako akaso?”. Horren haritik, Jaurlaritzak berak 2017an egindako txostena ekarri du gogora, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.113 tortura kasu egiaztatu zituena, alegia, Ertzaintzari egotzitako 300 kasuak barne, eta errealitate horren inguruan dagoen inpunitatea salatu. “Herri honetan torturatuak milaka baldin badira, nork torturatu ditu? Non daude torturatzaileak? Nork ematen zituen aginduak? Nork finantzatu zituen elektrodoak eta bestelako gailuak? Nork eta nola entrenatu zituen aipatutako agenteak? Eta nork entzungor egin?”.

Inpunitate horri aurre egiteko, Saez de Egilazek ezinbestekotzat jo du instituzioek mekanismo juridikoak abian jarri eta lege aldaketak sustatzea, Estatuaren biktimei erreparazioa emateko euskal legearen helmena zabaltzeko, adibidez. Lege horrek, gogorarazi du, 1978tik 1999 bitartean gertatutako giza eskubideen urraketak soilik aintzat hartzen ditu, baina Iratxe Sorzabal 2001ean torturatu zuten eta, hortaz, “paradoxikoa dirudien arren”, lege horren babesetik kanpo geratzen da, “erreparaziorako aukerarik gabe, beste ehunka edo milaka torturatuak bezala”.

Alde horretatik, beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko eta Ertzaintza inplikaturik dagoen tortura kasuak argitzeko konpromisorik ez hartzea leporatu dio Jaurlaritzari. “Estatu espainolak tortura onartu, justifikatu, erabili eta finantzatu egin du, eta torturatuak daude Euskal Herrian, baina torturatzailerik ez zaigu ageri. Argitzea falta da, izugarrizko garrantzia baitu nork torturatu dituen jakitea. Eta jakitea, adibidez, ea Jaurlaritzak espedienteak ireki dituen, Ertzaintzak torturatu egin duela dakigunean. Hemen hori falta da egiteko”.

Beraz, torturatzaileen inpunitatea ia erabatekoa izan dela kontuan hartuta, torturatuen salaketak sistematikoki, ikertu ere egin gabe, artxibatu direla kontuan hartuta, “Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioek tortura jasan duten pertsona horiei guztiei zor diete  erreparaziorako eskubidea, aitortzarako eskubidea eta egia guztia argitzeko eskubidea”.