AKTUALITATEA


| 2021-09-10 13:13:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du pandemiak jotako sektore ekonomikoek behar eta merezi dituzten diru-laguntzak jasoko dituztela bermatzeko asmoz. Izan ere, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian Gobernu espainolak 218 milioi euro bideratu zituen enpresa eta autonomoei laguntza zuzenak ematera eta Jaurlaritzak beste 50 milioi ipini zituen EH Bilduren proposamen baten ondorioz. 268 milioi guztira, baina praktikan ez dira erabili. Programaren porrota erabatekoa izan da: 4.000 eskari inguru bakarrik aurkeztu dira, laguntzak jaso ahal izateko Madrilek jarritako baldintzak gehiegizkoak direlako.

Hori dela eta, Ibai Iriartek gaur erroldatu duen proposamenaren bitartez, EH Bilduk aurreikusita zeuden diru-laguntzak enpresa eta autonomoengana iritsiko direla ziurtatu nahi du. Horretarako, Jaurlaritzari eskatu dio jada jaso dituen enpresa eta autonomoen eskariak lehenbailehen tramitatu eta ordaindu ditzala eta, gainera, laguntza lerro berri bat ireki dezala 50 milioi euroko zuzkidura osoa erabiltzeko. Ibai Iriarteren iritziz, “enpresa eta autonomo askoren egoera dramatikoa da benetan eta 50 milioi horiek ezin dira Jaurlaritzaren kutxan geratu; beharrak hain handiak direnean axolagabea litzateke agindutako diru-laguntzak ezerezean geratzea”.

Helburu horrekin ere, EH Bilduren proposamenak bigarren zati bat dauka: Urkulluren Gobernuari Madrilen beharrezkoak diren bideak jorratzeko eskatzen dio Gobernu espainolak laguntzak jasotzeko baldintzak malgutu ditzan eta, hala, horretara bideratu zituen 218 milioi haiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresa eta autonomoengana iritsi daitezen.