EH Bildu kezkatuta agertu da gaur Osasun Sailak proiektatutako Tolosaldeko ospitale berriak Asuncion klinikak gaur egun ematen duena baino zerbitzu murritzagoa emango ote duen. Izan ere, “komunikabideen bitartez jakin dugunaren arabera, Osakidetza planteatzen ari den zerbitzu zorroa orain dagoena baino apalagoa izango da, eta horrek kezkatzen gaitu”, esan du Rebeka Uberak Legebiltzarreko Osasun Batzordean, non Asuncion klinikako langileen batzordeko zenbait ordezkari agertu diren, EH Bilduko legebiltzarkideak gonbidatuta.
Uberak azaldu duenez, azkeneko urtean Osasun Sailak ez du urratsik egin Tolosako ospitale berriaren proiektua gauzatze aldera, bertako Plan Funtzionalaren eguneratze lanak oraindik amaitu gabe daudelako. “Bidegurutze batean gaude, momentu klabe batean, eta ezinbestekoa da prozesu guztia gardentasun osoz egitea, Asuncion klinikako langileak kontuan hartuta, etorkizuneko Tolosaldeko ESIrako definitu beharreko zerbitzu publikoa landu eta adosteko”, betiere Tolosaldean gainerako eskualdeek dituzten zerbitzu maila bera bermatu ahal izateko.
Uberak gogora ekarri du EH Bilduk urteak daramatzala, 2012az geroztik, Tolosako Asuncion klinikaren publifikazioa eskatzen, eskualdean kalitatezko osasun zerbitzu publikoa bermatzeko soluziorik onena litzatekeelakoan, gaur egun jada klinika horrek zerbitzu publikoa eskaintzen baitu, Osakidetzarekin duen hitzarmenaren bidez. Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideari, Asuncion klinikako langileen batzordeari bezala, eztabaidagarria iruditzen zaio ospìtale berri bat eraikitzeko erabakia, “logikoagoa litzatekeelako dagoeneko daukagun azpiegitura, Asuncion klinika bera, alegia, egokitzea eta txukuntzea”.
Halaber, Uberak bermeak eskatu ditu klinikako langileentzat, euren lanpostuak ziurtatzeko. “Medikuei eta erizainei ez zaie lana faltako, baina gainerako asko langabezian gera daitezke, eta hori saihesteko neurriak hartu beharko dira”.