EH Bilduk osoko bilkura monografiko bat eskatu zuen iragan astean Legebiltzarrean, ezegonkortasunak ezaugarritutako egungo egoera geopolitikoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sustatu beharreko eredu sozial eta ekonomikoaz hausnartzea beharrezkoa delakoan. Oihana Etxebarrieta legebiltzar-taldeko koordinatzaileak adierazi duenez, ekimen horren helburua erantzun bateratu bat artikulatzea da “funtsezkoak diren arloetan, hala nola industria politikan, digitalizazioan, gazteria politiketan, enpleguan, politika feministetan, fiskalitatean eta nazioarteko ikuspegian; baldintzak sortu nahi ditugu funtsezko esparru horietan guztietan erantzun bateratuak artikulatuko dituzten akordioak lortzeko eta ziklo ekonomiko berri honetan gure eredu sozial eta ekonomikoa definitzeko”.
Horren haritik, Etxebarrietak nabarmendu du “orain jendeari segurtasuna eman behar zaiola, eta horren oinarrian sektore publiko indartsu batek egon behar du, bai eta eskubideak eta berdintasuna bermatuko dituzten administrazio eta instituzio ausartek ere. Horrek, praktikan, kalitatezko zerbitzu publikoak eta epe ertain-luzeko ikuspegia esan nahi du, aurrea hartzeko eta gauzak konplikatzen direnean garaiz erreakzionatzea ahalbidetzen duten baldintzak sortzeko”.
Etxebarrietarekin batera Ander Goikoetxea legebiltzarkidea ere izan da agerraldian. Goikoetxeak EH Bilduren eta Petronorreko zuzendaritzaren arteko bileran parte hartu zuen atzo; horri dagokionez, enpresak deskarbonizazio plana aurkeztu ziela azaldu du. “Petronorren deskarbonizazioa herri proiektu bezala ikusi beharko genuke, eta horren garapenak bertako ehun industrialaren espezializazioa ekarri beharko luke hidrogeno berdearen merkatuan, baita erregai sintetikoen merkatuan ere, herri bezala aurrez ditugun gaitasun industrialak berrindartzeko. Klima aldaketan euskaldunok dugun eraginaren adierazle nagusia Petronor da, eta politika publikoek deskarbonizazio plan hori bultzatu beharko lukete”.
Horri jarraiki, EH Bilduko legebiltzarkideak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen garapenean Jaurlaritzak daraman atzerapena salatu du. Legea duela urtebete baino gehiago onartu zen, eta Goikoetxeak hainbat ekimen iragarri ditu behingoz garatu dadin. Izan ere, “legean jasotzen ziren hainbat puntuk dagoeneko martxan egon beharko lukete, baina ez da hala gertatu: energia berriztagarrien kanona, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Bulegoa, fosilen desinbertsioa eta Klimaren Asanbladari bide eman behar zion Paktu Sozialerako prozesuaren diseinua”.
Bestalde, legean jasotako beste konpromiso batzuek oso epe laburrean egon beharko lukete funtzionamenduan, baina ez dirudi Gobernuak epeak errespetatuko dituenik: autokontsumoaren eta deskarbonizazioaren bide-orriak eta aurrekontuetarako zuzentarauak.
Hori dela eta, Goikoetxeak azalpenak eskatuko dizkio ostiralean, kontroleko osoko bilkuran, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuari. “Egunero proiektu berriztagarri berriak agertzen ari dira –EAEn bakarrik ehundik gora daude tramitazioan– eta bakoitza eztabaida iturri bihurtu da. Lurralde ordenamenduan daramagun atzerapena kontuan hartuta, babes falta sentsazio bat ere zabaldu da, batez ere Araban, eta honek guztiak ezinbesteko egiten du klima larrialdiari aurre egiteko trantsizio energetikoa ezinbesteko motorra dela oroitzea, eta honi heltzeko jendartean eztabaida eraikitzaile bat martxan jartzea”.