AKTUALITATEA


| 2023-01-11 12:12:00

EH Bilduk gaur egun Lehendakaritzari atxikita dagoen Prospekzio Soziologikoen Kabinetea ordezkatuko lukeen Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko Lege Proposamena aurkeztu du gaur. Josu Estarronak azaldu duenez, ohikoa da gobernuek ikerketa soziologikoak egitea, baina EAEn dugun eredua –Lehendakaritzari lotutako kabinete bat, lehendakariaren irizpide eta interes politikoen arabera jarduten dena– ez da normala, ez dituelako bermatzen jarduera horretan ezinbestean bete behar diren oinarrizko printzipioak; alegia, independentzia, neutraltasuna, objektibotasuna eta gardentasuna.

“Eredu hori anomalia bat da, eta guk anomalia hori amaitzea nahi dugu”, zehaztu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Horretara dator Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko Lege Proposamena. “Ukaezina da gizarte zientziek errealitatean eragiten dutela eta inkestek edota ikerketa soziologikoek iritzia sortzeko eta joerak markatzeko balio izan dezaketela. Bada, erraza da ikustea unean uneko gobernuek inkesta eta azterketa horiek euren interes politikoen arabera erabiltzeko tentazioa izan dezaketela. Horregatik da hain garrantzitsua Prospekzio Soziologikoen Kabineteetan autonomia osoa, neutraltasuna, gardentasuna eta objektibotasuna bermatzea, beren lana gidatuko duten irizpideak profesionalak bakarrik izango direla ziurtatzeko, Gobernuaren gidalerro eta interes politikoetatik urrun”.

Estarronak gogora ekarri duenez, EH Bilduren proposamenak Legebiltzarrak 2007an Jaurlaritzari aho batez eman zion agindua betetzea ere du helburu. Izan ere, Parlamentuak Prospekzio Soziologikoen Kabinetea legez arautzea eskatu zuen orduan independentzia, objektibotasuna eta neutraltasuna bermatzeko. “Garai hartan PSEk egin zuen proposamena, eta EAJk ere bat egin zuen planteamenduarekin. Hala ere, 15 urte igaro dira eta ez Jaurlaritzak, ez EAJk, ez PSEk, orain Gobernuan dagoenak, ez dute urratsik egin Legebiltzarraren agindu hura betetzeko. Argi dago euren interesa ez dela izan ikerketa soziologikoen lan hori zorrotz arautzea, modernizatzea eta botere politikotik aldentzea, 15 urte pasa eta gero, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Lehendakaritzari atxikita jarraitzen duelako, lehendakariaren irizpide eta interes politikoei lotuta”.

EH Bilduk proposatutako Iritzi Azterlanen Zentroak anomalia hori zuzenduko luke, egungo Kabinetea desagertuko litzatekeelako, bertako langileak automatikoki pasatuz erakunde autonomo gisa eratuko litzatekeen zentro berri horretara. “Iritzi Azterlanen Zentroaren zeregina azterketa soziologikoak egitea litzateke, hala nola Euskal Herri osoko gai estrategikoen inguruko iritzien inguruko azterlanak, boto-asmoari buruzkoak, alderdi edo lider politikoen inguruko balorazioak, politika eta zerbitzu publikoen ebaluazioak, eta abar”.

Estarronak azaldu duenez, lege proposamenak zentro berriak izango lituzkeen egitura eta antolaketa zehazten ditu, “independentea izango dela bermatzeko”. Hala, “zazpi kidek osatutako Kontseilu Errektore batek zehaztuko luke Zentroaren lan ildoa. Zazpi kide horiek Legebiltzarrak aukeratuko lituzke. Taldeok 12 izen proposatuko genituzke eta, haien artean, Osoko Bilkurak zazpi hautatuko lituzke gehiengo kualifikatuarekin. Hautatua izateko hiru bostenaren bozkak beharko lirateke. Independentzia bermatze aldera, Kontseilu Errektoreko kideek ezin izango dute beste edozein kargu politikorik bete, ezta ardurarik izan ere alderdietan, sindikatuetan edo enpresa-erakundeetan”.

Gainera, “Kontseiluan ordezkaritza paritarioa bermatu beharko da eta Kontseiluak berak hautatuko ditu gehiengo osoz, bere kideen artean, presidentea eta presidenteordea, bi baldintzarekin: bata, biek bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai izan beharko dute; bestea, izaera paritarioa bermatzeko, presidentea emakumezkoa baldin bada, presidenteordea gizonezkoa izango da, eta alderantziz”.