AKTUALITATEA


| 2021-05-24 13:13:00

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseilua eratzeko lege proposamena aurkeztu du gaur, arlo horretan “hutsune handi bat” dagoelako. Adierazi duenez, “Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian organo hori ez existitzea anomalia bat da, Europako Batzordeak berak sustatzen baitu horrelako organo independenteak sortzea ikus-entzunezko komunikabideak eraldatzeko estrategian”. Hala, Katalunian eta Andaluzian martxan daude hango kontseiluak eta Valentzian ere legea onartu dute jada. Horren haritik EH Bilduk proposatu duen legea ikus-entzunezkoen arloko hainbat aditurekin eginiko kontraste eta lanketaren emaitza da.
“Kontseilu hori –azaldu du Agirrek– erakunde independente bat izango da eta bere helburua euskal esparruko ikus-entzunezko edukiak arautzea izango da, bai eta zigor arauak ezartzea ere, komunikabide publiko zein pribatuetan eta gainontzeko ikus-entzunezkoetan, eta era berean erakunde aholkularia eta proposatzailea ere izango da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Kontseiluaren izaera independentea azpimarratu du eta, azaldu duenez, “arauak ezartzeko boterea izango du euskal ikus-entzunezko komunikazioaren esparru osoan, bai telebistan, bai irratian, bai Interneten”.
Kontseiluaren helburuei dagokienez, honako hauek aipatu ditu Agirrek: “Ikus-entzunezkoen komunikazioaren askatasuna, informazioaren aniztasuna, neutraltasuna eta baliabide publikoen independentzia eta inpartzialtasuna bermatzea, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin akordioak egiten laguntzea, adin tarte guztietan Interneterako sarbidea bermatzea eta emakume eta gizonen berdintasunezko parte-hartzea sustatzea”. Helburu horiek bete ahal izateko, Kontseiluak beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango ditu.
Halaber, bere zereginen artean Audientziaren Defentsa Bulegoa sortzea eta kudeatzea ere agertzen da. Bulego horrek EAEko irrati eta telebistetan ematen diren programazio eta publizitatearen inguruko herritarren kexak jaso, bidali eta erantzungo lituzke.
EH Bilduko legebiltzarkideak Kontseilua eratu beharra aldarrikatu du: “Gaur egungo euskal komunikazio esparruan ikus-entzunezkoek ez dituzte inondik inora asetzen geure beharrak herri bezala, eta kanpoko parametroetara, kanpoko hizkuntza, kultura, identitateetara ari gara egokitzen. Pandemiarekin, gainera, ikus-entzunezkoen kontsumoa are gehiago handitu da eta gaur gizarte balioen transmisioa, batez ere gazteen artean, jokaleku horretan ematen da. Horregatik, berebiziko garrantzia dauka ikus-entzunezkoen espazioa ikuskatu eta arautuko duen erakunde independente bat izateak”.