EH Bilduk Hezkuntza Lege Proiektuaren aurkako osoko zuzenketak atzera bota ditu, 2021az geroztik egindako bidea, EAEko lau alderdi nagusiak Hezkuntza Akordioa sinatzera eraman zituena, alegia, “alboratu eta Hezkuntza Lege on bat izateko aukera ukatu nahi dutelako”, Ikoitz Arresek azaldu duenez. “EH Bildun aukera berri bat eman nahi diegu lege on bat izateari eta gure hezkuntza sistemaren eraldaketari”, baina, ohartarazi duenez, “ez dadila inor konfunditu, ez edozein modutan”.
Ildo horri jarraituz, “eztabaida azken bururaino eramateko borondatea” berretsi ostean, EH Bilduko legebiltzarkideak esan du koalizioak, “erantzukizunagatik”, ez duela babestuko “euskal hezkuntzaren erronkei erantzuten ez dien lege bat”, ez eta “Gobernu koalizioan EAJ-PSE barne oreka alderdikoiei erantzuten dien lege bat” ere. “Ez dugu betorik onartuko, ez dugu Hezkuntza Akordioan adostu ez genuen burutazio alderdikoirik onartuko, ez dugu ziurgabetasun juridiko eta pedagogikorik onartuko”.
Arresek adierazi duenez, EH Bilduk, adostasunak lortzea helburu, “herri akordioaren logikan jardungo du, hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketak posible egiteko behar dugun legea lortzeko”.
“Hezkuntza Legea ez dugu herri akordioen logikaren baitatik kanpo ulertzen”, azpimarratu du Arresek, eta, horren haritik, “oso kezkatuta” agertu da EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketa partzialek ireki duten eszenatokiarekin. Izan ere, “Gobernua sostengatzen duen alderdi minoritarioak dio EH Bildu soberan dagoela eta ez dela ezer gertatzen azken akordioan ez badago, eta inork ez dio ezer esaten; kezka dugu PSEk EH Bildu legetik kanpo nahi duelako eta EAJ eskatzen ari zaiona emateko prest agertzen ari delako”. Hori dela eta, “joko arauak aldatzea, prozesua okerrera baldintzatzea eta Hezkuntza Akordioaren kudeaketa kaxkarra egitea” egotzi die Arresek EAJ eta PSEri, fokua hizkuntza ereduetan jartzen duten “zuzenketak azaltzeko gai izan gabe, azalpen bateratu bat eman gabe, gauza kontrajarriak esaten eta, areago, PSEk arloko sailburua desautorizatzen”.