AKTUALITATEA


| 2022-11-17 15:58:00

EH Bildu kezkatuta agertu da gaur Jaurlaritzak atzo PPri, aurrekontuen negoziazioaren baitan, hezkuntza arloan egin zion eskaintzarekin, bai eta horren atzean egon daitekeen “intentzio politikoarekin” ere. Zehazki, Azpiazu sailburuak Haur Hezkuntzako 2-3 urteko tartea ere ikastetxe kontzertatuekin ituntzea (pasa den ekainean Hezkuntza Sailak dekretu bidez onartu zuena) eskaini zion PPri; alegia, EAJk, EH Bilduk, PSEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta Hezkuntza Sailak sinatu zuten Hezkuntza Akordiotik kanpo dagoen alderdi bati.

Ikoitz Arresek ohartarazi duenez, “eskaintza horrek mesfidantza eragin digu ulergaitza delako; ez dugu ulertzen zertara datorren Hezkuntza Akordioa sinatu ez duen alderdi bati horrelako eskaintza bat egitea, ez dugu ulertzen zein den eskaintza horren intentzio politikoa, Jaurlaritzak bidali nahi duen mezua”.

Hori dela eta, Gobernuaren mugimenduak sortu duen kezkak bultzatuta, EH Bilduk datorren astean urgentziaz Hezkuntza Akordioaren jarraipen batzordea bildu dadila eskatu die akordioa sinatu zuten alderdiei eta Hezkuntza Sailari berari, “egoera oso nahasia delako eta gauzak ondo ez doazelako”.

Arresek kezka adierazi du, “hezkuntzari buruzko eztabaidan polarizazioa gero eta handiagoa” delako. Horri jarraituz, berretsi du Hezkuntza Sailak aurkeztu zuen lege aurreproiektuak ez duela EH Bildu asebetetzen, “Hezkuntza Akordioan nuklearrak ziren hainbat kontu, Euskal Hezkuntza Zerbitzua, adibidez, definitzea oraindik ere falta delako”. Horri, gainera, PPri eginiko eskaintza gehitu behar zaio orain. “Akordioaren garapenean tirabira batzuk izan ditugu eta atzokoak ez du batere laguntzen. Egoera zaildu egiten du, mesfidantza sortzen duelako”.