EH Bilduk Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordearen jardunbide desegokia gaitzetsi du gaur, organo horrek “hatzamar bat bera ere mugitu ez zuelako” Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkidea mehatxatua izan zela lehenengo momentuan jakin zuen arren. Fernandez de Betoñok berak azaldu duenez, bere salaketa baten ondorioz, Etika Batzordeak Ivan Pedreira Garraio Plangintza zuzendariaren jokabidea gaitzetsi zuen Etika Kodea behar bezala ez betetzeagatik. Batzordeak ebazpena eman eta bederatzi egun geroago, 2022ko uztailaren 20an, EH Bilduko legebiltzarkideak Pedreiraren abokatuaren posta elektroniko bat jaso zuen mehatxu argi batekin: “epaitegietara eramatearekin mehatxu egin zidan, haren bezeroaren kontrako ebazpena publiko eginez gero”. Are gehiago, Batzordeko presidenteak, Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburuak, “mehatxu horren berri izan zuen lehenengo momentutik bertatik, abokatuak niri bidali zidan e-posta, kopian, Garamendiri berari ere bidali ziolako”.
Fernandez de Betoñok gogora ekarri du Etika Batzordeko kideek lan horretan jasotzen duten informazio guztia sekretupean gordetzeko obligazioa dutela, salatzaileen anonimotasuna bermatzeko obligazioa barne. “Hau da, teorian behintzat, ez Pedreirak, ez bere abokatuak ezin zuten jakin ni izan nintzela Etika Batzordera jo egin zuena. Argi dago Batzordeak ez zuela obligazio hori bete, ez zuen nire anonimatua bermatu, eta horrek Pedreiraren abokatuaren mehatxua ahalbidetu zuen. Kasu honek erakusten du Etika Batzordeak ez dituela ni bezalako salatzaileen eskubideak babesten”.
Kasu honek duen garrantzia aintzat hartuta, EH Bilduk espediente bat ireki dezala exijitu dio Garamendi sailburuari, “salatzaileen anonimotasuna bermatzeko obligazioa urratu duen batzordekidea identifikatzeko eta, ondoren, dagozkion neurriak hartzeko”, Josu Estarronak iragarri duenez.
Estarronaren irudiko, “orain eta hemen kolokan dagoena Etika Batzordea bera da, bere funtzionamendua, bere sinesgarritasuna. Batzordea, bai eta Olatz Garamendiren jokabidea ere”. Izan ere, “Pedreiraren kasua salatu zuenaren izena filtratu dela jakinda, legebiltzarkide batek bere organoan egindako salaketaren ondorioz mehatxua jaso duela jakinda, ez du ezer egin, hatzamar bat bera ere ez du mugitu hemen gertatu dena argitzeko eta garbitzeko”.
Estarronak berak azalpenak eskatu dizkio jada Garamendiri Legebiltzarrean, idatziz, baina “sailburuak, nork eta gobernantza eta gardentasunean ardura nagusiena duenak, erantzuteari uko egin dio”. Hori dela eta, EH Bilduk datorren ostiraleko Kontrol Plenora eramango du gaia, Garamendik bertan azal dezan behingoz zer gertatu den kasu honetan.
Estarronaren iritziz, “agerikoa da sailburua ez dela Etika Batzordean dituen funtzioak behar bezala betetzen ari, eta agerikoa da, baita ere, funtzionatzeko modu honekin Batzordeak berak ez duela ezertarako balio. Argi ikusten dugu salatuak salatzaileak baino hobeto babesten dituela, eta hori abiapunturik okerrena da helburua, ustez bederen, praktika irregularren kontra egitea denean. Nola salatu ez badakizu ziur instituzioen babesa izango duzula?”.
Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du “Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan organo independente bat behar dugula jardunbide desegokiak prebenitu, antzeman, ikertu eta ebazteko, orain daukagun Etika Batzordea hori guztia bermatzetik oso urrun dagoelako. Etika Batzordea baino gehiago, Estetika Batzordea da. Ez du balio praktika desegokiak detektatzeko, eta bere eginkizun bakarra Jaurlaritzaren jarduera zuritzea dela dirudi”.