EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak Kontsumobideri eskatu dio haren ikuskapen eta kontrol-zerbitzuek egiaztatu dezatela, batetik, DomusVi enpresak bere erresidentzietan hileta-zerbitzuak kontratatzeko familiei ematen dien informazioa gardena eta egiazkoa den eta, bestetik, familiek hileta-zerbitzuetako enpresa ezberdinak kontratatzeko duten askatasuna bermatzen duen. Finean, Kontsumobidek ikertuko du ea DomusVi-k komisioak kobratu dituen bere egoitzetan hildakoen familiak ehorztetxe jakin batzuetara bideratzeagatik. Halaber, EH Bilduk sustatu duen akordioaren arabera, aipatutako enpresaren jardunean arau-hausteren bat dagoela egiaztatzen bada, Kontsumobidek zehapen bat ezarriko dio hura zuzentzeko eta familien eskubideak defendatzeko.
Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, iaz argitaratutako hainbat albisteren arabera, DomusVi enpresak ehorztetxe batzuen komisioak kobratu ditu bere egoitzetan hildako pertsonak bidaltzeagatik, “eta hori nahitaez argitu behar da kontsumitzaileen eskubide eta aukera askatasunaren urraketa kasu baten aurrean egon gaitezkeelako”.
EH Bilduk ekimena hartu zuen une hartan eta, azkenean, kasua ikertzeko ardura Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordearen esku geratu zen. Erakunde horrek horri buruzko espediente bat ireki zuen pasa den otsailean, Lehiaren Euskal Agintaritzak gaian sartzeari uko egin ostean, kasua Estatu osoari dagokiola argudiatuta. Izan ere, DomusVi-k 200 erresidentzia inguru ditu Estatuan eta dozena bat bakarrik daude Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.
Etxebarriak gaurko akordioaren garrantzia azpimarratu du, Kontsumobidek ere enpresa horren kudeaketa argitzeko erantzukizuna bere gain hartu duelako. “Akordio honekin erakusten ari gara kontsumitzaileak babestu behar ditugula, egoera zaurgarri batean daudenak batez ere. Ezin dugu ahaztu maite dugun pertsona bat galtzen dugunean tristurak paralizatu ere egiten gaituela batzuetan eta egoera horretan erabaki asko hartu behar ditugula epe labur-labur batean. Egoera horretan oso zaila da informazio eta detaile guztiei erreparatzea”. Bada, gaurko akordioari esker, “DomusVi-ren egoitzetan hildakoen familiek Kontsumobidek beren eskubideak babesten dituela ikusiko dute; ez dugu nahi haiek pentsatzea enpresa horrek euren minarekin negozioa egin zuela eta inork ez duela ezer egiten horren inguruan”.