AKTUALITATEA


| 2022-02-16 13:55:00

EH Bilduk Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean “energia berriztagarrien hedapen prozesuan egoera kaotikoa” delako eta, hori horrela, premiazkoa delako Tapiak berak horren inguruko azalpenak ematea. Izan ere, Mikel Oterok azaldu duenez, duela hiru urte Jaurlaritzak eta EH Bilduk adostu eta onartu zuten Jasangarritasun Legearen arabera, Lakuak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala bi urtetan egiteko konpromisoa hartu zuen; hau da, 2021ean egina eduki behar zuen, baina “orain jakin dugu datozen asteotan enpresa bat kontratatuko duela plan horren lanketan teknikoki laguntzeko eta kontratu horren epea bi urtekoa dela. Lan horiek 2024an amaituko dira, beraz, baina beste urrats batzuk faltako dira oraindik plan sektoriala behin betiko onartzeko. Plana iaz egina behar zuen, baina argi dago ez dela legealdi osoan onartuko, eta litekeena da 2025era arte atzeratzea”.

Horrek guztiak agerian uzten du, Oteroren esanetan, “Jaurlaritzak uko egiten diola trantsizio energetiko ordenatu bat egiteari, eta hori ez da onargarria”. Adierazi duenez, “konpromiso klimatiko batzuk ditugu mahai gainean, trantsizio energetikoa azkar egin behar da eta berriztagarriak modu ordenatu batean hedatu behar dira”.

Plan Sektoriala atzeratzea dagoeneko ondorioak izaten ari da, ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, bitarte honetan “energia berriztagarriekin lotutako dozenaka proiektu iragartzen ari baitira Bizkaian, Gizpukoan eta, batez ere, Araban” inolako planifikazio eta ordenarik gabe: parke eolikoak, baratz fotovoltaikoak, goi tentsioko lerroak, zentral hidrauliko itzulgarriak… Azken honen adibideak dira Aragoiko enpresa baten proiektuak, lau urtegi egin nahi baititu Araban. Eta atzo bertan Lurralde Plangintza sailburuordeak esan zuen Forondako aireportutik iparralderantz, Miñao aldean, baratz fotovoltaiko handi bat prestatzen ari direla. Ordena jarri ordez, instituzioak banan-banan aztertzen dituzte proiektuak, ordenatu eta planifikatu gabe, eta hori ez da serioa, plan sektoriala jada egina behar zuenean”.