AKTUALITATEA


| 2024-10-29 12:28:00

EH Bilduk Emergentziak Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) anbulantzia guztiak publifikatzeko prozesu bat irekitzea proposatuko du etzi Legebiltzarreko osoko bilkuran “egutegi eta proiektu baten baitan, jakin badakigulako hau ez dela egun batetik bestera egiten”, Rebeka Uberak adierazi duenez. “Gure proposamena bat dator Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformek atzo bertan egin zuten eskariarekin eta, are gehiago, bat dator Nafarroako Gobernuak jada ireki duen bidearekin, han datorren urtetik aurrera osasun garraio osoa, anbulantzia guztiak, publikoak izango baitira. Nafarroan ona eta egingarria baldin bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ona eta egingarria izan behar du. Etzi kontrakoa entzutea ulergaitza izango litzateke. Balearretan eta Errioxan ere bide hori hartu dute, eta emaitzak onak dira”.

Uberaren iritziz, “Emergentzietako anbulantzia guztiak publifikatzeak onurak baino ez lituzke ekarriko; izan ere, orain batzuetan zaila izaten den koordinazioa bermatzea eta protokoloak inplementatzea erraztuko luke, eta, horrekin batera, artatze denborak laburtzea, langileen prestakuntza hobetzea edota pazienteen segurtasun klinikoa ziurtatzea ahalbidetuko litzateke. Planteatzen ari garena zentzuzkoa eta premiazkoa da”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “gaur egun Bizi Euskarri Aurreratuak, anbulantzia medikalizatuak, publikoak dira eta Osakidetzak kudeatzen ditu zuzenean, salbuespen batzuekin, Tolosa, Elgoibar eta Donostiako anbulantziak eta erizaina dutenak, hain zuzen ere, kasu horietan zerbitzua pribatizaturik baitago. Bestetik, Oinarrizko Bizi Euskarriak ditugu, eta anbulantzia horiek guztiak pribatizaturik daude. Hau da, Emergentzietako anbulantzien kudeaketan eredu bikoitza dugu: batzuk publikoak, beste batzuk pribatuak, eta horrek ondorioak ditu, fragmentazio horrek arazoak sortzen dituelako egunerokoan: pertsonal faltan, artatze denboretan, pazienteen segurtasun klinikoan, langileen prestakuntzan eta lan baldintzetan. Araban eta Bizkaian Grup La Pau enpresarekin gertatu denak azaleratu ditu kudeaketa eredu horren gabeziak, askotan salatu ditugunak, eta orain Osasun Saila bera, nolabait, onartzen hasi da anbulantziak pribatizatzeak arazoak ematen dituela, horren isla baita Tolosa, Elgoibar eta Donostiako anbulantzia medikalizatuak publifikatuko dituztelako iragarpena”.

Uberarentzat, “norabide egokian hartutako erabakia da hori, baina ez da nahikoa anbulantzia horiek publifikatzea. Poztekoa da, bai, urteak daramatzagulako horrelako neurriak eskatzen, baina aurrerapauso bat eman beharko genuke, inolako aitzakiarik gabe. Urrats bat efizientzian irabazteko, Larrialdietako zerbitzu eraginkor eta ona izateko, profesional formatu eta prestatuekin, errekurtso egokiekin eta gune egokietan kokatuak egongo direnekin, iritsiera denbora estandarrak bermatzeko, gainerako gorputzekin elkarlanerako protokolo egokiekin, eta abar”.