AKTUALITATEA


| 2023-09-26 13:39:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Legebiltzarrean Emergentziak Erakunde Sanitario Integratua (ESI) indartzeko asmoz, azken urteotan daraman gainbehera gelditze aldera. Rebeka Uberak azaldu duenez, “Emergentzietan proiektu sendo eta argi bat falta da, protokoloak ez dira garatzen, plantilla gero eta murritzagoa da, erizainei medikuen funtzioak bete ditzatela eskatzen zaie, historia klinikoa hala moduz dago zerbitzuan integraturik, langileei berandu jakinarazten zaie zein izango diren lan-txandak, eta abar luze bat; hori guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa ESI horretako zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko harremanek okerrera egin izana”.

Egoera hori konpondu nahi du EH Bilduk, Uberak aurkeztutako mozioaren bitartez. “Osakidetzari eskatzen diogu Emergentzietako baliabideak indartu ditzala, behar besteko profesional kopurua ziurtatuta, eta anbulantzia zerbitzu guztiak publifikatu ditzala, egun hor diharduten langileen eskubideak bermatuta. Funtsezkoa iruditzen zaigu anbulantzia guztiak publikoak izatea. Ez da normala gaur egun oinarrizko bizi euskarria duten anbulantziak (ez medikalizatuak) pribatizaturik egotea; ez da normala eta, gainera, ez da eraginkorra, bistakoa delako zerbitzu horretan herritarrek egunero pairatzen dituzten gabeziak”.

Anbulantziak publifikatzeko prozesua burutu bitartean, zerbitzu hori emateko kontratatzen dituen enpresen gaineko “ikuskaritza eta jarraipen sistemak berrikusi eta hobetzeko” eskatu dio EH Bilduk Osasun Sailari, “kontratuaren baldintza teknikoak betetzen dituztela ziurtatzeko”. Horren haritik, ikuskaritza sakon bat egitea proposatu du, sektoreko langileen ordezkariekin elkarlanean, “zerbitzuan dauden gabeziak eta baldintza teknikoen urraketak ahalik eta azkarren zuzentzeko”.

Uberak gogora ekarri du Emergentzietako zuzendariak kargua utzi zuela abuztuan, eta horren harira eskatu du Osakidetzak Emergentziak indartzeko proiektu baten baitan izendatu dezala zuzendari berria, besteak beste, bertako sindikatuekiko harremanak, azken urteotan gatazkatsuak izan direnak, bideratzeko.