AKTUALITATEA


| 2024-07-12 11:14:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osasun Sailari eskatzeko emaginen plantilla handitu eta egonkor dezala, ESI guztietan osasunaren sustapenean, zaintzan eta artan ekitatea bermatze aldera. Halaber, emaginek prestakuntzan ematen duten denbora Lan Eskaintza Publikoetan eta Lanbide Garapenean aintzat hartzeko neurriak Osakidetzako Mahai Sektorialean adostera deitzen du Rebeka Uberak sinatutako proposamenak.

EH Bilduko legebiltzarkideak sei hilabeteko epean emaginen zerbitzu zorroa aztertu eta zehaztu dezala ere eskatu dio Osasun Sailari, euren funtzioak erditzeari eta ugalketari lotutakoez harago garatzeko. Izan ere, “gizartean oraindik dugun mentalitate zaharkituaren ondorioz, Osakidetzan emaginei ematen zaien tokia erditzeari lotuta dago bereziki, dagozkien gainerako funtzioak zerbitzu zorroan kontuan hartu gabe; euren plantilla minimoen azpitik dago eta ordezkapenak egiteko ere Osakidetzak arazoak izaten ditu”. Hori guztia dela eta, emaginak mobilizatzen ari dira euren egoera jasanezina publikoki salatzeko, opor sasoian egoera larriagotzen delako.

Horri jarraituz, Uberak ohartarazi du Osasun Publikoan osasunaren sustapenaren, zaintzaren eta prebentzioaren garapena oso mugatua dela eta, gainera, horretan ez dela genero ikuspegia txertatu. “Begirada ugalketa eskubidean edota prozesuan jartzen da, baina asko dago egiteko emakumeek bizitzan zehar dituzten fase biologiko guztietan osasunaren zaintzari, sustapenari eta ahalduntzeari dagokienean. Horregatik, Osasun Sailari eskatu diogu osasunaren sustapen, zaintza, prebentzio eta arta plan bat definitu dezala emakumeen fase biologiko guztiak kontuan izanik, patologizatu gabe eta haien formakuntza eta ahalduntzea ardatz hartuta”.