AKTUALITATEA


| 2022-07-21 13:24:00

Legealdi erdia pasata, Maddalen Iriartek bi urte hauetako balantzea egin du eta, batez ere, hemendik aurrera “herri gisa nahitaez aurre egin beharko diegun erronka estrategikoei” begiratu die. “Gure helburu nagusia ezinbesteko ditugun egiturazko aldaketak sustatzea eta gauzatzea izango da, orainari erantzun eta geroari aurrea hartzeko. Mahai gainean jarriko ditugu Jaurlaritzak behin eta berriro arinkeria handiarekin baztertu nahi izan dituen eztabaidak: fiskalitatea, etxebizitzen prezioari muga jartzea, gutxieneko soldata propioa eta abar”. Izan ere, “momentuak neurriak hartzea eskatzen du aberastasunaren banaketaren bueltan; bestela, krisi sozial sakon batean murgilduko gara eta baldintza askoz okerragoak izango ditugu energia arloan, zaintza sisteman edo osasungintzan bai ala bai burutu beharko ditugun trantsizioak arrakastaz egiteko”.

EH Bilduko bozeramaileak norabide zehatz batean kokatu ditu egin beharreko urrats horiek guztiak: “Ongizate Itun bat, instituzioak, herritarrak eta eragile sozialak lerrokatuko dituena inor atzean ez uzteko”. Eta horretarako, “politika ausartak” eskatu ditu, “ezin baita gerra ekonomiaz hitz egin, baina gero betiko errezeta kontserbadoreak aplikatzen jarraitu”.

Horren ildotik ere, tresna propio eta burujabeen beharra aldarrikatu du, “herri honek dituen beharrei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko”. Inoiz baino agerikoagoa da, bere iritziz, Estatus Politiko Berriaren premia, argi baitago “transferentzien inguruko ika-mikak ez duela gehiagorako ematen. 40 urte daramatzagu horrela, eta emaitza ondo ezagutzen dugu. Borroka dialektiko artifizial bat, non Gobernu espainolak behin eta berriz EAJ toreatzen duen”.

Hori hala izanik ere, konstatazio bat egin du Iriartek: “EAJ ez dago EH Bildurekin adostu zituen estatus berriaren oinarri eta printzipioak garatzeko eta gauzatzeko prest. EAJk errenuntzia egin du eta, herri honen gehiengo zabal-zabal batek erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen arren, PSEri beto eskubidea ematea erabaki du”.

Legealdiak orain arte eman duenari buruz, EH Bilduko bozeramaileak geldotasuna egotzi dio Jaurlaritzari, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gainbeheran daudela ohartarazi du. “Luze eztabaidatu dezakegu botila erdi hutsik edo erdi beteta dagoen, baina  hori ez da arazoa; arazoa da botilak zuloak dituela eta ura galtzen ari dela”. Adierazi duenez, “pandemiak lehenago eta Ukrainako gerrak gero legealdia markatu dute, eta errealitatea gainetik pasatu zaio EAJ-PSE Gobernuari”.

Urkulluren Gobernua, kritikatu du Iriartek, “oso kontserbadorea da eta noraezean, bide-orri argirik gabe, ibili da, ez daki momentuen larritasuna irakurtzen jakin eta kortoplazismoan bizi da, epe luzera begiratzeko gaitasunik gabe. Egoera larria izanda ere, berandu eta gaizki erantzuten du, beste aukerarik jada ez dagoenean, gehienetan behartuta, eta bere erantzuna eskasa izan da, neurri aringarriak hartzera mugatu baita, neurri estrukturalak hartzea ezinbestekoa denean, arazo asko eta asko egiturazkoak direlako”.

Horren aurrean, “EH Bilduk lidergo politikoa erakutsi du”, azpimarratu du, “Jaurlaritzaren zain egotea alferrikakoa zelako”. Hala, “EH Bildu izan da datozen urteotan herri gisa izango ditugun erronka estrategikoak mahai gainean ipini dituena”, Lakuak eztabaida horiek oztopatu nahi izan dituen arren. “Oso nekeza izan da Gobernua, EAJ eta PSE arrastaka ekarri behar izatea eztabaida estrategiko horietara”.