AKTUALITATEA


| 2022-05-16 17:08:00

EH Bilduren legez besteko proposamen bati esker, Legebiltzarrak dislexia duten umeei ikasketa prozesuan eskaini beharreko laguntzaz eta baliabideez eztabaidatu du gaur. Ibai Iriartek detekziotik harago joan beharra aldarrikatu du, eta, horri jarraituz, ume horiei behar duten arreta emateko eta irakasleak arlo horretan prestatzeko baliabideak, pertsonalak zein materialak, berma ditzala eskatu dio Hezkuntza Sailari. Iriartek, baina, EAJ eta PSErekin ezezkoarekin egin du topo.

EH Bilduko legebiltzarkideak abiapuntutzat hartu du Dislegi elkarteak Tolosaldean martxan jarritako Dislexia ON proiektu pilotua. Proiektu horretan eskualdeko 12 ikastetxek, 700 ikasle inguruk, hartu dute parte eta 400dik gora irakaslek jaso dute prestakuntza. Emaitzak ere azpimarratzekoak dira, Iriarteren iritziz, ia ikasleen %10ak dislexia dutela erakutsi dutelako, Jaurlaritzak manejatzen duen indizea %1,49 denean. Detekzio goiztiarra hobetzeko proiektuak duen balioa bistakoa da, baina bere garapena ez dago inondik inora bermaturik, Kutxa Fundazioaren babes ekonomia galdu duelako. Hori dela eta, EH Bilduk Tolosaldeko proiektu pilotua azken bururaino eramateko eskatu dio Hezkuntza Sailari, gero EAEko ikastetxe guztietara zabaldu ahal izateko.

Halaber, koalizioak kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko euskal zentroak (BCBL) dislexiaren inguruko prebalentzia ikerketa bat egitea proposatu du, horrek ikasleen detekzioa eta jarraipena modu egokiagoan egitea ahalbidetuko duelakoan. Izan ere, Iriartek salatu duenez, “egun Hezkuntza Saila egiten ari den ahalegina ez da nahikoa ikasle guztiek beren trebetasunak eta talentuak aukera-berdintasunean gara ditzatela bermatzeko, legeak hala agintzen badu ere”.