AKTUALITATEA


| 2022-09-20 15:27:00

Gasteizko Administrazio Auzitegiak, UGTren helegite bati jarraituz, Udaltzaingoaren lan poltsan sartzeko euskarazko B2 maila egiaztatzeko obligazioa bertan behera utzi izana “euskararen erabileraren normalizazioaren aurkako Justiziaren beste eraso bat da, euskara eta euskaldunak diskriminatzen dituena”, salatu du EH Bilduk, eta, horren aurrean, EAEko herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatu, defendatu eta garatzeko deia egin die eragile eta erakunde orori.

Rebeka Uberak gogora ekarri du oraingo hau ez dela hizkuntza eskubideen kontra epaileek emandako lehenengo epaia, Irungo eta Laudioko udalek ere halako ebazpenak pairatu baitituzte lehenago. “Azken urteotan, epaitegien ekimen eta jarrera desberdinen bidez, euskararen aurkako urratsak ugaritzen ari dira eta agerian geratzen ari da teorian juridikoki izaera bera duten bi hizkuntzek, gaztelerak eta euskarak, praktikan ez dutela trataera bera, nahiz eta euskara gaztelera bezain ofiziala izan. Gero eta nabarmenago geratu da euskaldunon hizkuntza eskubideak kolokan daudela, ez direla osotasunean errespetatzen”.

 “Funtzio Publikoan herritarren zerbitzura lan egiteko ­–azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak– baldintza batzuk bete behar dira, herritarren eskubide guztiak bermatuz, zainduz eta errespetatuz, hizkuntza eskubideak barne, eta botere judizialari ez dagokio administrazio publiko batean zein hizkuntza maila ezarri behar den erabakitzea, legeari baizik. Hortaz, legeak dioena alde batera utziaz, epaileek gai teknikoetan epaiak ematea gehiegikeria jurisdikzionala da, epaileak ez baitira legegile”.

Hori dela eta, Uberaren iritziz, “irmoki salatu beharrekoa da botere judizialak hizkuntza normalizazioaren alorrean egiten duen interpretazio murriztailea, herritarren hizkuntza eskubideak mugatu eta euskararen normalizazioa kaltetzen duelako”. Horren ildotik, erantsi du, “epaitegietatik euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzeko sustatzen eta bideratzen ari diren ekimen eta epaiak ez dira inondik inora onargarriak eta, beraz, erakundeetatik egoera bidegabe horri amaiera emateko hizkuntza eskubideak efektiboki ezartzeko behar diren aldaketa normatiboak abian jarri behar dira”.