AKTUALITATEA


| 2023-03-22 12:43:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Barakaldon San Vicente eta Rontegiko anbulatorioak indartzeko, batean zein bestean agerikoa baita Osakidetzan Lehen Arreta aspaldidanik pairatzen ari den gainbehera, “Jaurlaritzak urteetan aplikatu dituen politiken ondorio dena, kontratazio eredu zehatz baten ondorio, planifikazio gabeziaren ondorio”, Rebeka Uberak adierazi duenez.

Okerrera egiten ari den egoera hori iraultzeko, Uberak San Vicenten eta Rontegin proiektu pilotu bat martxan jartzea proposatu du, bi anbulatorioetan plantillak handitzeko, langileei kontratu egonkorrak eskaintzeko eta diziplina anitzeko ekipoak osatzeko, ondorengo profilak kontuan hartuta: familia medikua, gizarte langilea, erizaina, erizain laguntzailea, administratiboa, fisioterapeuta eta psikologoa. Halaber, EH Bilduko legebiltzarkideak adinekoen jarraipenerako batzorde berezi bana eratzea proposatu du, barne-medikuntza eta geriatria espezialitateko profesionalekin. Herritarrak ahalduntzea ere beharrezkotzat jo du Uberak; horretarako, euren parte-hartzea eta komunikazioa ahalbidetzeko bideak irekitzea eskatu du.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, “EH Bilduk urteak daramatza Osakidetzan planifikazioa eskatzen, kontratazio eredu aldaketa eskatzen; behin-behinekotasunari aurre egiteko neurriak eskatzen, eta abar, baina, zoritxarrez, EAJk eta PSEk ez dituzte gure proposamenak aintzat hartu, sindikatuekin ere egin duten bezala”.